Sare Herritarrak abuztuaren 16an mobilizatzeko deia egin du, Donostiako Aste Nagusi betean

Sare Herritarrak hiriburuetako jaiak baliatu nahi ditu euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko aldarria zabaltzeko.

Sarek egindako agerraldia, gaur, Donostian. JAGOBA MENTEROLA / FOKU
Sarek egindako agerraldia, gaur, Donostian. JAGOBA MENTEROLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko abuztuaren 6a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Udako jaiak aldarrirako ere baliagarri dira, eta hori aprobetxatu asmo du Sare Herritarrak abuztu honetan ere. Euskal presoen eskubideen aldeko plataformak deituta, dozenaka herritar mobilizatu ziren atzo Gasteizko jaietan, eta gauza bera egingo dute hilaren 16an, Donostian. Bulebarretik hasita, Gipuzkoako hiriburuko kaleak zeharkatuko dituzte 12:30etik aurrera, «konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde».

Egun gutxi falta dira Donostiako Aste Nagusiari ekiteko, eta abagunea baliatu du Sarek mobilizaziorako deia egiteko: «Prestaketa lanetan ari da Donostia, eta Sare Herritarrean ere prestaketa lanetan gabiltza». Izan ere, festaz «gozatzeko» eremu bihurtuko da hiria astebetez, Sareko kideen esanetan, eta giro horretan «aldarrikapena» ere txertatu nahi dute.

Helburu hori du abuztuaren 16ko mobilizazioak. Zehazki, «euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarria» zabaltzea. Argudiatu dute «elkarbizitza agertokietara jauzi egiteko» ezinbestekoa dela gatazkaren ondorio guztiei erreparatzea. Beraz, baita «oraindik indarrean jarraitzen duten sufrimenduak behin betiko amaitzea» ere.

Hala, Sare Herritarrak, donostiarrei soilik ez, Gipuzkoako herritar guztiei egin die manifestazioan parte hartzeko deia. «Guztien ekarpena beharrezkoa da», nabarmendu dute, euskal preso, iheslari eta deportatuen egoera bideratu eta «biktimen egia, aitortza eta erreparazioa» sustatu beharrari aipamen eginda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.