Andre Maria Zuriaren jaiekin batera, Sare Herritarrak deituta, manifestazio jendetsua egin dute Gasteizen, «euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzearen» alde. Sarek esan du «jaiak ospatu ezin dituztenak» ezin dituztela ahaztu, «minean eta mendekuan oinarritutako salbuespen lege baten ondorioz» etxetik urrun daudelako oraindik.
Andre Maria Zuriaren plazatik abiatu da martxa, eta, haren amaieran, euskal presoen eskubideen aldeko plataformak gogoratu du hilabete batzuk joan direla «afera soluziobidean jartzeko jauzi kualitatiboa» egin zenetik. Sarek gogoratu du «preso ugari etxerako bidea» egiten ari direla, legeak jasotzen dituen aukeren bidez. «Pozik egotekoa da gaur egun preso ugarik kalea zapaltzea hirugarren graduei esker, baina ez gara honaino etorri irtenbide partzialak lortzeko». Hala, Sarek «soluzio oso bat» exijitu du, eta horretarako «salbuespena baztertu» behar dela azaldu du.
«Errezeta zein den argi daukagu: konpromiso eta aldarri hau babesten duen gehiengoa oraindik eta zabal eta ozenagoa bilakatzea». Errezeta horri jarraikiz, Sarek hurrengo aste eta hilabeteetan egingo dituen egitasmoetan parte hartzera dei egin die «arabar guztiei». «Konpromisoari eusteko, behar-beharrezkoa da ilusioa eragiten duten dinamikak pil-pilean egotea», helarazi du Sarek.
Hartortxu Rock
«Urte askoan jaun eta jabe» izan den dinamika bat goraipatu du euskal presoen aldeko plataformak: «Gure Hatortxu Rock maitea». Rock jaialdi horren azken ekitaldia egin berri dute, eta, Sareren arabera, «harro egoteko arrazoiak» badaude. Gogoratu dute 25.000 euskal herritar eta bisitari gozatzen aritu direla helburu berarekin: «Denak etxeratzea». «Ez dago parekorik Europan. Hatortxu erokeria zoragarria da, baina Hatortxurekin bakarrik ez dugu lortuko gure helburua», nabarmendu dute.
Sarek ziurtatu du «garai erabakigarria» dela egungoa, «agian gai honi loturiko inoizko garairik erabakigarriena». Horregatik, plataformak hauxe adierazi die Gasteizko plaza nagusian elkartutakoei: «Ezinbestekoa da denon bultzada eta denon konpromisoa eta ilusioa sasoi betean egotea hurrengo hilabete hauetan. Hori lortuz gero, konponbidea, elkarbizitza eta bakea ditugu helmugan gure zain».