Sare Herritarreko eleduna

Bego Atxa: «Sare hiltzeko jaio zen, eta helmugara gerturatzeko urrats asko egin dira»

Sarek joan den astean iragarri zuen balitekeela urtarrileko manifestazioa azkena izatea. Hala nahi du Atxak ere, baina argi utzi du lanean segituko dutela aurrerantzean ere.

MARISOL RAMIREZ / FOKU
MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iosu Alberdi.
Zornotza
2026ko ekainaren 14a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sare Herritarra sortu zenean, 465 euskal preso zeuden Espainiaren eta Frantziaren kartzeletan. Egun, berriz, 114 dira: ia denak Euskal Herrian daude, eta bi heren inguru zigorra erregimen irekian betetzen ari dira. Horiek hala, «helmuga» gertu ikusten du plataformak, eta hori bera irudikatu nahi du urtarrilaren 9an Bilbon egingo duten manifestazioan, azkena izango den esperantzarekin. Bego Atxa eledunak (Zornotza, Bizkaia, 1982) uste du badaudela arrazoiak hala izango dela pentsatzeko, baina gehitu du horrek ez duela Sareren lana etengo.

Sarek hamabi urte beteko ditu astelehenean. Orain arteko lanetan zentratuta beteko duen azken urteurrena izango da?

Borondatea hori da. Ez du esan nahi benetan gauzatuko denik, baina helburua hori da: ibilbide honi guztiari amaiera eman ahal izatea. Horrek esan nahi du gatazkari behin betiko konponbidea ematea.

Uste duzue, beraz, badaudela baldintzak urtarrilera bitarte «helmugara» ailegatu ahal izateko.

Orain artekoak bere horretan jarraitzen badu —besteak beste, hirugarren graduek eta 100.2 artikuluaren ezarpenek—, badago esperantza urtarrileko manifestazioa azkena izateko. Ez dugu esango egoerari behin betiko irtenbide bat emango zaionik, ziur asko gauza batzuk geratuko baitira biribiltzeko. Baina, hein handi batean, baliteke aukera egotea nolabaiteko amaiera emateko.

Azken hilabeteetan, hirugarren graduen eta 100.2 artikuluaren ezarpenaren kontrako ebazpen batzuk iritsi dira Auzitegi Nazionaletik. Hor dago oztopo nagusia? Nola erreparatzen diezue?

Deigarria da eskumena Eusko Jaurlaritzari egokitu arren hemendik 400 kilometrora dauden estamentu batzuek izatea azken hitza; presoen ibilbidearen inguruko berririk ez daukatenek. Beti nabarmentzen dugu presoen ibilbideari hurbil-hurbiletik begiratzen dion tratamendu batzorde baten erabakiei buelta ematea ezin dela ulertu mendekua ez den beste irizpide batekin. Eta hori kaltegarria da presoentzat, baina profesionalen lana ere kolokan jartzen du: psikologoak, juristak, gizarte hezitzaileak...

«Tratamendu batzorde baten erabakiei buelta ematea ezin da ulertu mendekua ez den beste irizpide batekin»

Ebazpen horietako batean, Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Castro epaileak, beste pauso bat eman, eta zalantzan jarri zuen Jaurlaritzak 100.2a nola erabiltzen duen.

Espero dugu doktrinarik ez ezartzea horrek. Izan ere, Jaurlaritzak legearen arabera aplikatzen du araudia. Beste gauza bat da epaile horri legediaren aplikazioa ez gustatzea, baina hori ez da epailearen eskumena. Hori eskumen legegilea da, eta botere legegileari dagokio. Epaileari legea aplikatzea dagokio, ezarrita dauden irizpideen arabera aplikatzea.

Salatu izan duzue halako erabakien atzean presio politikoa eta mediatikoa dagoela. Hor dago PPren eta Voxen gobernuaren mamua. Aurrerapausoak arriskuan jar ditzakete?

Ez luke hala izan behar. Kezka pizten du horrek, bai, baina ez gehiegizkoa. Eskumenak Eusko Jaurlaritzarenak dira. Helegiteak aurkeztu daitezke, baina erabakiak, nahi eta nahi ez, EAEn hartu behar dira. Hori bai, eskuina eta ultraeskuina gobernura iritsiz gero, beste legedi bat onartzeko aukera dago, baina eskumena Jaurlaritzaren menpe egongo litzateke berdin-berdin.

Eta nola ikusten duzue Jaurlaritza? Kezka azaldu zenuten Justizia Saila PSE-EEren esku geratu zenean. Ordutik ia bi urte igaro diren honetan, zein da balantzea?

Egia da gobernu eta sailburu aldaketarekin nolabaiteko kezka bat piztu zela, ezjakintasun puntu bat tartean zela. Baina, aldaketaren ondoren ez dugu berebiziko alderik nabaritu, eta hori pozgarria da. Saila EAJren esku egon eta PSEren esku egon, kexatzeko arrazoi bera izan dugu: nahiko genukeen baino geldoago ematen ari direla hirugarren graduak eta 100.2 artikuluaren aplikazioak. Eskatzen dugu ukan beharrak beteta dauzkaten presoei ahalik eta azkarren aplikatzea legedia, zigorrak erregimen irekian bete ahal izan ditzaten.

Aurrera begira, presoen auzia bideratzen ari bada ere, badira ixteko dauden beste esparru batzuk ere. Iheslari eta erbesteratuena da bat.

Horretan ere beharrezkoak dira lan politikoa eta gizarte lana. Egia da presoengan zentratu garela askotan, baina iheslarien eta deportatuen errealitatea ere hor dago, eta mahai gainean dugu. Ez dauka zentzurik ETA iraungi eta hamabost urtera horiek urrun mantendu nahi izateak. Moduak ezarri behar dira erbestean dauden horien etxeratze prozesua ere berme guztiekin egiteko, beldurrik gabe.

«Argi geratu dadila lanean jarraituko dugula, eta ez dugula inor atzean utziko. Oinarrizko eskubideen defentsan segituko dugu»

Sareri erreparatuz, aipatu duzue balitekeela datorren urtean «trantsizio aldi bat» abiatzea. Zertarako?

Helburua baldin bada ere urtarrilaren 9ko manifestazioa azkena izatea, horrek ez du esan nahi gure ibilbideari amaiera emango diogunik. Gure dinamikak egokituz joan dira zirkunstantzien arabera. Hasieran, urruntze politika gainditzeko izan ziren. Behin hori gaindituta, legedi arruntaren aplikazioari heldu diogu. Eta fase hau gainditzea lortuz gero, beste dinamika batzuei ekingo diegu, egoerak eskatzen duenaren arabera. Baina argi geratu dadila lanean jarraituko dugula, eta ez dugula inor atzean utziko. Oinarrizko eskubideen defentsan segituko dugu.

Aipatu duzu hamabi urtean jarduna egokituz joan zaretela. Atzera begiratuta, zer deritzozu egindako bideari?

Nahi baino geldoago joan dira gauzak. ETAk borroka armatua utzi eta gero, bagenituen beste bake prozesu batzuen adibideak, eta pentsatzen genuen ez zela hainbeste luzatuko. Baina, era berean, ondorioak ikusiz joan gara. Sakabanaketa bukatzea lortu zen, gizarte zibilari, alderdi politikoei eta bestelako eragileei esker, eta hori oso garrantzitsua izan zen; ez presoentzat bakarrik, baita senideentzat ere. Abiatu genuen salbuespen legediari amaiera ematearen aldeko dinamika, eta hori ere lortzen ari gara. Beti oso astiro, nahi baino geldoago, baina ari gara. Eta helmuga gero eta gertuago ikusten dugu.

Eta nola hartu da zuen iragarpena? Herriz herri aritu zarete egoeraren berri ematen.

Ikusi genuen beharrezkoa zela eragile eta herritarrei azaltzea zein den egoera. Ez baikenuen pentsatzerik nahi, inondik inora ere, hau egun batetik bestera bukatuko dela, eta ez dugula lanean jarraituko. Baina, halere, islatu nahi genuen Sare hiltzeko jaio zela, eta helmugara gerturatzeko urrats asko egin direla. Estatu mailako gehiengoek bide eman diote horri maila politikoan, baina herritarren euskarri eta babesik gabe ez zen aukera bat izango. Horregatik, asko eskertzen dugu hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA