Hatortxu Rock

Presoen alde hasi eta buka: agurtu dute Hatortxu Rock

Amaiera ekitaldian gogorarazi dute oraindik ere handiak direla preso eta iheslari ohien premiak: «Etxean nahi ditugu, baina baldintza duinetan; etxebizitza, lana eta osasuna bermatuta». Abenduaren 27an beste jaialdi bat egiten hasiko dira: Aske.

Hatortxu Rocken amaierako ekitaldia, gaur, Lakuntzan. HATORTXU ROCK
Hatortxu Rocken amaierako ekitaldia, gaur, Lakuntzan. HATORTXU ROCK
Paulo Ostolaza.
2025eko uztailaren 27a
17:23
Entzun 00:00:0000:00:00

Orain bai: amaitu da Hatortxu Rock betiko. Beriain mendiaren magalean agurtu dute, lau egunez Lakuntzan (Nafarroa) ospatu den jaialdiaren 30. eta azken aldiaz disfrutatu ondoren. Etxera lelopean egindako ekitaldi nazionalean, gogora ekarri dute milaka lagunek musu truk eginiko lanari esker izan duela festibalak 26 urteko bidea. Aldarri nagusia, berriz, euskal preso eta iheslarien etxeratzearen aldekoa izan da, duela astebete 22 eragilek aurkeztu zuten manifestuan jaso bezala: «Presoak etxean nahi ditugu, baina baldintza duinetan; etxebizitza, lana eta osasuna bermatuta».

Amaiera ekitaldian azpimarratu dute «emozioz beteriko lau egun» izan direla, eta gaur azaleratu direla guztiak. «Agur esatearen poza, tristura eta nostalgia, denak nahastuta». Iragarpen bat ere egin dute: musika jaialdi berri bat abiatuko dute, «askatasunaren alde» lanean jarraitzeko. Aske izena hartuko du, eta abenduaren 27an egingo dute lehen ekitaldia, Atarrabian (Nafarroa).

topa 3
Hatortxu Rocken amaierako ekitaldia, gaur, Lakuntzan. HATORTXU ROCK

Oholtzan, lehenik, Eztizen Artola idazle eta haur motxiladun izandakoak hartu du hitza. Lehen Hatortxu Rock egin zen urtean jaio zen, 1999an, eta sakabanaketaren eraginez bizitakoak kontatu ditu. Lagun bat baino gehiago hunkitu du, eta Hatortxuren antolatzaileei eskerrak emanez amaitu du: «Gure bizitzak bizigarriago bihurtu dituzue. Indartu egin gaituzue».

Jarraian, Harrera elkarteko Aduna Mendizabalen txanda izan da. Hark ere Hatortxuk azken 26 urteetan eman dien laguntza eskertu du, eta gogoratu «gatibu zein erbestean gero eta kide gutxiago dauden arren» preso eta iheslari ohien premiak gero eta gehiago direla. Horregatik, hitzeman du lanean segituko dutela «etxeratze prozesua samurragoa gerta dakien».

«Zuen [boluntarioen] lana Puerto de Santa Mariara zihoan autobusean zegoen, Lannemezanerako bidea egiten duen furgonetan, eta baita Zaballako ekonomatuan ere. Zuen lana espetxe atariko besarkadetan zegoen, baita bat-batean mozten diren telefono dei horietan ere»

ENDIKA ALONSO Hatortxu Rocken sortzaileetako bat

Gurarika kantua abestu du Katamalok, eta Gotzon Barandiaranek poema bat errezitatu du peto laranjadun txandalariak oholtzara igo bitartean. Haien bozeramaile lanak Endika Alonsok egin ditu, jaialdiaren sortzaileetako batek. «Duela zortzi urte hemen bertan ginen, hemen ez genukeela egon beharko esaten», gogorarazi du, eta sakabanaketaren ondorioz hildakoak oroitu ditu.

Hiltzeko jaioa

Ondoren, jaialdia antolatzea «bidaia zoragarria» izan dela kontatu du. «Hatortxu gure bizitza izan da. Bizitza asko, hobeto esanda. 26 urtean 30.000 boluntario inguruk atera dute aurrera jaialdia», eman du datua, eta boluntario horiei mintzatu zaie segidan: «Zuen lana Puerto de Santa Mariara zihoan autobusean zegoen, Lannemezanerako bidea egiten duen furgonetan, eta baita Zaballako ekonomatuan ere. Zuen lana espetxe atariko besarkadetan zegoen, baita bat-batean mozten diren telefono dei horietan ere».

Amaitzeko, esan du Hatortxu Rock «hiltzeko jaiotako ekitaldia» zela; inoiz ez dela helburua izan, «tresna» baizik. «Hatortxugatik, hau posible egin duten guztiengatik eta oraindik ere hemen egon ezin direnengatik! Denak etxean izan arte!», oihu eginez amaitu du, bertaratutakoen txaloen artean.

Ekitaldian bertan jakinarazi dute lekukoa Aske musika jaialdiak hartuko duela. Lehen aldia abenduaren 27an egingo dute, Atarrabian. Hatortxu Rockek bere funtzioa bukatu duela berretsi dute, baina jaialdi berriaren bidez «askatasunaren alde» lanean jarraituko dutela iragarri dute: «Askatasuna eskuz esku, txandaz txanda saretu eta indartzen den herri honen indarrak egingo duelako posible. Aske izateko jaio garenak aske izan gaitezen».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.