Teknologiak azken hamarkadetan izandako garapenaren erakusgarri nabarmenetako bat dira sare sozialak. Posta elektronikoa erabiltzera ohitzen hasia zen belaunaldiak gutxinaka Facebook, MySpace eta antzeko sare sozialak nola sortzen ziren ikusi zuen, eta sare horiek lagunen eta gertukoen argazkiak ikusteko bidea ireki zuten, besteak beste. Iraultza handia izan zen gaur egun txikikeria dirudien hori: lagun baten argazki bat ikusi edo haren kontu baten berri izatea ordenagailua pizte hutsarekin. Teknologia garatu ahala, bideoak igotzeko webguneak ere agertzen hasi ziren, eta pixkanaka hainbat alorretako sare sozialak sortu zituzten.
Ikusi gehiago
Segidan etorri ziren gaur egun ere asko erabiltzen direnak: Youtube, Twitter —X gaur egun—, Whatsapp, Instagram... Beste hamarnaka sortu izan dira, eta askok indar handia izan zuten bolada batzuetan, ostera behera egin bazuten ere. Baina aipatutako horiek merkatuko izarrak dira oraindik ere, beste lehiakide berri batzuekin batera; Tik-Tok, esaterako. Sare sozialek erabiltzaileen kontsumitzeko modu berrietara moldatzen jakin izan dute, baita erabiltzaileei formatu berriak eskaintzen ere. Eta mugikorren garapenak beste bultzada indartsu bat eman zien, ordenagailuko idazmahaira ainguratutako euskarria gainditu baitzuten hala.
Sare sozialen marken artean, gainera, lehiakideek formatu arrakastatsuak kopiatu zizkioten elkarri; horren adibide dira 24 ordu irauten duten argazkiak edo scroll infinitua: bideo motzak bata bestearen atzetik agerrarazten dituen formatua, alegia. Azken horrek eztabaida handia piztu du azken urteetan, zientzialariek frogatu baitute mendekotasuna sortzen duela; izan ere, atzean punta-puntako algoritmoak ditu, eta erabiltzailearen gustuetara moldatzen diren edukiak eskaintzen ditu.
Bi doktorek sare sozialek gazteen artean sortzen dituzten arazoak ikertu dituzte: Jorg Michael Fegert psikiatra alemaniarrak eta Maria Melchior epidemiologista frantsesak. Uste dute teknologiaren garapenak «izugarrizko aukerak» sortu dituela gazteentzat, lagunekin harremanetan jartzeko moduak eta sormena erakusteko lekuak sortu baititu; hala ere, nabarmendu dute umeak ez direla helduak, eta sare sozialen munduak hainbat arrisku dituela haientzat, faktore ugariren araberakoak —faktore indibidualak, sozioekonomikoak, familiarrak, generoari lotutakoak...—. Ondorioztatu dutenez, sare sozialek eragindako kalteak aldatu egiten dira adin tartea zein den, ez baitituzte berdin erabiltzen 7 urteko haurrek eta 13 urtekoek.
1
0-3 URTE
Adin tarte horretan, erabiltzaile pasiboek sufritzen dituzten efektuak pairatzen dituzte haurrek. Azaldu dutenez, zaintzaileek zuzeneko interakzioa pantailen erabilerarekin ordezkatzen dutenean gertatzen da hori, batez ere umeak lasaitu edo distraitu nahi dituztenean. Praktika horrek eragina izan dezake arreta jartzeko ahalmenean, baita hizkuntzak ikastekoan ere.
2
3-5 URTE
3 urtetik aurrera, umeak modu independentean hasten dira teknologia erabiltzen, eta, ikertzaileen ustez, horrek are zaurgarriago egiten ditu sare sozialen eta zerbitzu digitalen eraginarekiko. Zerbitzu horiek «berehalako satisfazioa, sariketa errepikakorra eta kanpo estimulazio jarraitua» sortzen dituzte erabiltzaileengan, eta ikertzaileek uste dute horiek «bateraezinak» direla umeen garapenari dagozkien ahalmenekin; are, nabarmendu dute arriskua dagoela luzera begira garapenari kalte egiteko.
3
6-9 URTE
Adin tarte horretan sare sozialen erabilera handitu egiten da, eta kanpotik jasotako feedbackak gero eta eragin handiagoa du umeengan; esaterako, norbaitek zure argazkia gustuko duela esateak. Izan ere, garai horretan autoestimua garatzen hasi da, eta balorazio autoestimuarekin lotzen dira. Hala hasten dira gazteak euren burua gainontzekoekin alderatzen, eta antsietate kasuak handitu egiten dira, baita ziberjazarpena ere.
4
10-12 URTE
10 urteetatik aurrera, sare sozialak erabiltzea parte hartze sozialerako «ezinbesteko baldintza» bihurtzen da, ikertzaileen esanetan. Algoritmoek gomendatutako edukiek gizarte alderaketa sustatzen dute, eta gero eta gehiagotan kontsumitzen dituzte eduki kaltegarriak edo legez kanpokoak. Depresioa eta antsietatea handitzen dituzten eduki adiktiboekiko esposizioa ere areagotu egiten da.
5
13-15 URTE
13 urteetatik aurrera askoz ohikoagoa da haurrek teknologia erabiltzea helduren batek haiek gainbegiratu gabe, eta ikertzaileek uste dute algoritmoetan oinarritzen diren sistemak mugatzea dela gakoa, portaeran eragina baitute. Azaldu dutenez, gazteek autonomia irabazteko garaia da hori, baita teknologiaren mundutik at ere; hori dela eta, uste dute kontua ez dela prozesu hori oztopatzea, baizik eta garai horretan arriskuak murrizten saiatzea, zaurgarri baitira oraindik. «Babesa eraginkorra izan dadin, ikuskera multidimentsional bat behar du, garapen etapetan oinarritua. Beharrezkoa da zerbitzu digitalen arautzea hezkuntzako esku hartzeekin eta sare sozialen erabilera kritikoarekin uztartzea», nabarmendu dute.
6
16-18 URTE
Identitatea egonkortzen den eta autonomia are gehiago irabazten duten garaia da, ikertzaileen esanetan, eta parean dituzten arriskuak —digitalak barne— hobeto ulertzen eta kudeatzen dituzte. Hala ere, garapen neurobiologikoa oraindik ez da guztiz osatu, eta sare sozialek eta antzekoek adikzioak eta buru osasuneko arazoak okertzen dituzte, egileek adierazi dutenez. Mundu digitalean ondo murgiltzeko pentsamendu kritikoa eta ebaluazio ahalmena ezinbestekoak direla esan dute.