Europako Batasunak lehen urratsa egin du adingabeei sare sozialak erabiltzea debekatzeko. Europako Batzordeak berak eskatuta, aditu talde batek gaia aztertu du, eta proposamen bat jarri du mahai gainean: gomendatu du 13 urtetik beherakoei sarbidea mugatzea, eta adin horretatik aurrera baimena mailakatua izatea, sare sozial eta zerbitzu digital bakoitzaren ezaugarrien arabera. Bruselak begi onez hartu du aholkua, eta agindu du udazkenerako proposamen bat aurkeztuko diela 27 estatu kideei.
Batzordeak berak joan den martxoan agindu zien adituei txosten bat egiteko, eta eskatu zien ikertzeko zer neurri har daitezkeen Interneten haurrak babesteko. Izan ere, EBko estatu kideen artean kezka gero eta agerikoagoa da, eta horren erakusgarri da zenbait gobernuk sare sozialen erabilera arautzeko azaldu duten nahia, tartean Espainiako eta Frantziako gobernuek. Nork bere aldetik egin ordez, batzordeak proposamen orokor bat egin nahi die estatu kideei, araua berbera izan dadin denetan.
Ikusi gehiago
«Sare sozialak ez dira jostailuak», nabarmendu du Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak gaur, hain justu ere, adituen txostenaren ondorioen berri ematean. Azaldu duenez, EBko nerabeek egunero lau eta sei ordu artean ematen dituzte pantaila bati begira, eta, ohartarazi duenez, horrek ondorio kaltegarriak eragin ditzake: lo falta, depresioa, antsietatea edo ziberjazarpena, besteak beste. Ez alferrik, adierazi du adingabeen ia %60k arazo emozionalak edo psikosozialak izan dituztela.
Hori dela eta, iritzi dio ezinbestekoa dela sareen erabilera legez arautzea, gidabaimenarekin edota alkoholarekin egiten den moduan. «Seme-alabei gidabaimena izan aurretik autoaren giltzak ematen ez dizkiegun bezala, edo legezko adina izan aurretik alkoholik erosi ezin duten bezala, haurrek sare sozialak legez erabiltzeko adina ezarri behar dugu», adierazi du Europako Batzordeko presidenteak.
Sarbide mailakatua
Von der Leyenek bere egin ditu adituen argudioak, eta adierazi du sare sozialetarako eta bestelako zerbitzu digitaletarako sarbidea ere «mailakatua» izan beharko litzatekeela, hau da, adin tartearen araberakoa. Izan ere, adituen arabera, nahikoa oinarri zientifiko badago egiaztatzeko adin tarte batzuetan kalteak onurak baino handiagoak izan daitezkeela. Bereziki 10 eta 13 urte arteko adingabeetan egin dute azpimarra; adierazi dutenez, horiek dira «kalteberenak».

Horiek horrela, zera proposatu dute adituek: hiru urtez azpikoei pantailak erabat debekatzea, eta 13 urte artekoei sare sozialetarako sarbidea mugatzea. Hala, 13 urtez azpiko haurrek ezingo lukete sare sozialetan sartu gurasoek gainbegiratuta ez bada, eta soilik denbora tarte jakin batez izango lukete sareak erabiltzeko baimena. 13 urtetik aurrerakoen kasuan, berriz, sare sozial bakoitzaren ezaugarrien arabera arautuko litzateke erabilera. Eta, hala, tresna digital horien jabeek bermatu beharko lukete eskaintzen dituzten zerbitzuak «seguruak eta adin horretarako egokiak» direla.
Proposamen hori «egokia» dela nabarmendu du batzordeko presidenteak, baina ez du argitu estatu kideei egingo dien proposamena ere hori izango den. Edonola ere, ondorioztatu daiteke proposamena oinarri bat, abiapuntu bat, izango dela guztientzat, txostenean aipatzen baita kide bakoitzak ahalmena izango lukeela araudia are gehiago gogortu edo ez erabakitzeko, batez ere 13 urtetik aurrerako nerabeei dagokienez. Gainera, sare sozialei ez ezik, adimen artifizialari eta bideojokoei ere eragingo lioke neurriak.
Plataformen erantzukizuna
Von der Leyenek azpimarratu du helburua ez dela debeku orokor bat ezartzea, adingabeei «Interneten erabilera egoki bat» egiteko tresnak ematea baizik. Horregatik, adierazi du ezinbestekoa dela haurrak ez ezik gurasoak eta irakasleak ere tresna digitaletan alfabetatzea. «Kontua ez da haurrek sare sozialetara sartzeko modua izan beharko luketen edo ez, baizik eta sare sozialek gure haurrengana heldu beharko luketen edo ez», esan du Von der Leyenek. Zehaztu du, halere, tresna teknologikoen erabileraren inguruko azken hitza gurasoena bada ere sare sozialetarako sarbideari adin muga jartzeko adostasun nahikoa badagoela Europako Batasunean.
«Kontua ez da haurrek sare sozialetara sartzeko modua izan beharko luketen edo ez, baizik eta sare sozialek gure haurrengana heldu beharko luketen edo ez»
URSULA VON DER LEYEN Europako Batzordeko presidentea
Edonola ere, hala batzordeak nola adituek iritzi diote plataformen jabe diren enpresa teknologiko erraldoiena dela segurtasunaren inguruko erantzukizuna; hau da, haiei dagokiela eskaintzen dituzten zerbitzuak adingabeentzat kaltegarriak ez direla egiaztatzea. Hala dio Europako Batasunaren Zerbitzu Digitalen Legeak ere. Hain justu ere, tresna hori baliatuta, batzordeak haurren segurtasuna arriskuan jartzea eta mendekotasuna eragitea egotzi zien Instagram eta Facebook sare sozialei joan den ostiralean. Aplikazio horien diseinua aldatzeko neurriak hartzeko eskatu zion Meta enpresari, hura baita sare horien jabea. Eta ohartarazi zion isun bat jarriko diola hala egin ezean.