Sare Herritarrak uste du urtarrilaren 9ko manifestazio nazionalak aukera izan behar duela «elkarbizitzaren aldeko urratsak egiten jarraitzeko», eta horregatik adierazi du «orain arte egindako guztiek baino garrantzi handiagoa» duela. «Azken manifestazioa izatea nahiko genuke, horrek esan nahiko lukeelako presorik, iheslaririk eta deportaturik ez dagoela jada. Egoera hau asko luzatzen ari da eta, gure herrian, elkarbizitza lortuko badugu, konponbidera daramaten urratsak behar dira». Azken hamabi urteetan Saren aritu diren zenbait kide elkartu dira gaur Bilbon, eta haien desira da plataforma horrek beharrezko izateari utziko dion unea «ahalik eta lasterren iristea», horrek esan nahiko lukeelako «bortxazko konfrontazioaren ondorioak behin betiko» konpondu direla.
Hamabost urte igaro dira ETAren jarduera amaitu zenetik. Denbora horretan «aurrerapauso garrantzitsuak» eman dira, euskal presoen eskubideen aldeko taldearen ustez; «nekez espero zitezkeen gure ibilbidea hasi zenean», esan dute. «Amaitu ziren urruntze politika, zigor ziegak, zigorrak espetxeko lehen graduan osorik bete beharra... Argi dago egindako urratsak norabide egokian joan direla».
Baina aurrerapauso horiek onartuta ere, adierazi dute oraindik badela bidea egiteko, «motibazio politikoko iheslaririk, deportaturik eta presorik gabeko egoerara iritsi arte», eta, horrekin batera, urte askoan eragindako «biktima guztiek duintasunezko tratua» jaso arte. Horregatik, urtarrilaren 9ko manifestazioa «euskal gizartearen zati handi baten borondatearen isla» izatea nahi du Sarek, «konponbidean, bakean eta elkarbizitzan» aurrera egin nahi duen gizartearena.
Sare bere jarduera hasi zuenetik ahalegindu ei da «desberdinen arteko adostasunak lortzen». Hala, iragarri dute datozen asteetan topaketa sorta bat egingo dutela erakunde politikoekin, sindikatuekin eta elkarteekin. Plataformaren helburuen berri eman nahi diete, «baita laguntza eskatu eta haien iritziak entzun ere».
Korapiloak
Euskal preso askok hirugarren graduan egon beharko lukete, Sarek azaldu duenez, bete duten zigor denbora kontuan hartuta. Hala eta guztiz ere, salatu dute fiskaltzak helegiteak jartzen jarraitzen duela Eusko Jaurlaritzak —espetxeetako tratamendu batzordeen proposamenekin bat eginda— 100.2 artikuluen aplikazioa eta hirugarren gradurako progresioak onartzen dituenean. Ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak helegite horiek aztertu eta sarri onartu ohi ditu. «Irizpide juridikoak ez dira aldatzen, baina bai aplikaziorako irizpideak», salatu dute.
«Hori guztia eremu juridikoak, politikoak eta mediatikoak egindako presiorako mekanismoen emaitza da, errebantxarako grinari erantzunez, eta ez hainbeste justizia irizpideetan oinarrituta», salatu du Sarek. Eta horri lotuta, gogora ekarri dute ETAren biktima batek berriki egindako gogoeta bat: «Erreibindikatu behar dugu birgizarteratzea ez dela inpunitatea».
Sarek gogora ekarri du ETAren biktima batek berriki egindako gogoeta bat: «Erreibindikatu behar dugu birgizarteratzea ez dela inpunitatea»
Ez da askatzeke dagoen «korapilo» bakarra. Egungo arazoen artean kokatu ditu Sarek «duela hamarkada batzuetako gertakariekin lotutako inputazio, zitazio eta prozedura judizial berriak». Egoera horiek «kezkagarriak» dira Sarerentzat, eginiko bidean oztopo direlakoan: «Urrats garrantzitsuak egin dira, bai, baina horrelako egoerek aurrerapausoak iluntzen dituzte, eta egoera bidegabeak luzatzen dituzte».
Legeri arrunta
Joan den ekainaren 6an, Arrasaten (Gipuzkoa), aurrerantzean egin beharreko bidea markatu zuen Sare Herritarrak, eta gaur berriro ziurtatu dute «prozesu luze eta zail baten amaieraren azken txanpan» daudela. «Baina ez ditugu ukatzen oraindik ere aurrean ditugun zailtasunak», erantsi dute. Horregatik, lanean jarraitu behar dutela esan dute. Bai «espetxe legeria arruntaren aplikazioa» eta euskal espetxe eredua defendatzeko —«oinarrizko tresnatzat» dute—, baita «pertsona guztien eskubideen errespetua eta elkarbizitza, memoria, biktimen aintzatespena» jorratzeko ere, «iraganeko zauriak behin betiko ixteko borondatearekin».
Euskal presoei buruzko datuak
Plataformak emandako datuen arabera —2026ko abuztukoak—, hamahiru dira iheslariak; hiru deportatuak; eta 112 preso daudenak —97 gizon eta hamabost emakume—. Horietatik, 73 daude hirugarren graduan edo bigarrenean, 100.2 artikulua aplikaturik. Beste 39 daude kalera ezertarako atera gabe; hau da, erregimen itxian. 110 daude Hego Euskal Herriko kartzeletan preso, eta horietatik 39, kontrol telematikoarekin. Frantziako espetxeetan, berriz, bik jarraitzen dute.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak iazko abuztutik aurtengora bitarte onartuko hirugarren graduak hemeretzi izan dira, eta horietatik bederatziri jarri die helegitea fiskaltzak. Halaber, Jaurlaritzak 23 presori onartu die 100.2 artikuluaren aplikazioa, eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onartutakoak hiru izan dira; beste hiru ez dituzte onartu, eta hamazazpi erabaki gabe daude.