«Bat-batekoak, hiperkonektatuak eta anonimoak». Mundu digitalean gertatzen diren indarkerien bereizgarriak dira horiek. Emakundek gaur goizean argitaratu duen Jarri izena gidak izena ipini die esparru birtualean gauzatzen diren bortxa matxistei. «Ziberespazio osasuntsuagoa eta berdintsuagoa» sortzea izan dute helburu, eta gaurtik aurrera gazteei, hezitzaileei eta dinamizatzaileei banatuko dizkiete aleak.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak azaldu du alfabetatze digitalerako tresna baliagarria izango dela, digitaltasuna erabilgarria bezain arriskutsua izan daitekeelako: «Ziberindarkeria ez da fenomeno bakan bat, baizik eta berdintasunik ezaren eta emakumeen aurkako egiturazko indarkeriaren gizarte testuinguru zabalago batean kokatzen da, testuinguru bat mendeetan iraun duena eta konektibitatearen aroan hor jarraitzen duena».
Hain zuzen ere, konektibitatearen alorrean gertatzen diren indarkerien dimentsioak azaldu ditu: «Kasu askotan, sare sozialetan trukeak eginez has daiteke indarkeria, adingabeekin adibidez, eta sexu indarkeria bat gertatzen den topaketa fisiko batean amaitu». Gidak konektibitatearen alorrean gerta daitezkeen eta gertatzen diren biolentziak identifikatzeko tresnak eskaintzen ditu, baita haiei aurre egiteko erremintak ere.
«Ziberindarkeria ez da fenomeno bakan bat, baizik eta berdintasunik ezaren eta emakumeen aurkako egiturazko indarkeriaren gizarte testuinguru zabalago batean kokatzen da»
MIREN ELGARRESTAÂ Emakundeko zuzendaria
«Izenik ez duena existitzen ez delako», gidaren lehenengo zatian banan-banan azaldu dituzte sare sozialetan aurki daitezkeen indarkeriak, bakoitzari dagokion izena ipiniz. Halaxe azaldu du Deustuko Unibertsitateko irakasle Estibaliz Linaresek: «Askotan ingelesezko izenak erabiltzen ditugu, eta ez dakigu benetan zer esan nahi duten. Gainera, egunetik egunera geroz eta indarkeria mota gehiago sortzen dituzte».
Bigarren zatian aurretik definitu dituzten indarkerien adibideak zerrendatu dituzte, edonork bizi dituen bortxak identifika ditzan. Bertan, bikote barruan zein kanpoan gertatzen diren hamaika eraso bildu dituzte: norbera biluzik agertzen den argazki bat zabaltzearekin egindako mehatxuak, sare sozialetako jarduna kontrolatzen duen bikotekidea, ligatzeko aplikazio batean norberaren osasunaz «arduratuta» idazten dituzten mezuak, edo halakorik eskatu gabe genitalen argazkiak jasotzea.
Erruaren auzia
Adibideak ematen dituzten atalean, mezu bat ageri da nabarmenduta: «[Halako indarkeria jasatea] emakumeak zaretelako da, eta online presentzia duzuelako. Gizarteak zuei egotziko dizue gertatzen ari denaren errua eta erantzukizuna, baina ez da zuen errua». Eta errua norena den argi azaldu du Linaresek: «Azkenaldian pertsonak baino gehiago bot-ak dira indarkeria gauzatzen dutenak, baina kontuan izan haien atzean beti pertsonak daudela. Eta nagusiki gizon, zuri, baliabide ekonomiko handikoak eta ideologia jakin batzuen jarraitzaileak dira».
Biek azaldu dutenez, gida nagusiki gazteei zuzenduta sortu dute, «haien ia bizitza gehiena sare sozialetan edo mundu birtualean gertatzen delako», eta hain zuzen ere horregatik, Linaresek azaldu du erabilitako hizkuntza eta komunikatzeko moldeak asko landu dituztela. Esate baterako, indarkeriak identifikatzeko atalean zerrendatu dituzten hamaika adibideak sakelako telefonoko elkarrizketak izango balira moduan formulatu eta maketatu dituzte.
Indarkeria matxista digitalei aurre egiteko beharraren erakusle da gida aurkeztu eta egunean bertan gazteei eta hezitzaileei haren berri ematen hasteko asmoa, ahalik eta azkarren jakin dezaten bizitzen ari diren indarkeriak identifikatzen eta eteten.