Euskal presoak

Sarek 650 tontorretara igotzeko deia egin du urriaren 3rako

Euskal presoen eta iheslarien alde Euskal Herriko tontor ezagunenetara igotzeko deia egin du plataformak. Etxerat elkarteak, gainera, salbuespenezko espetxe politika behin betiko amaitzeko eskatu du hondartzetan.

Sareren agerraldia gaur, Bilbon. @SARE_HERRITARRA
Oihane Puertas ONA
2020ko uztailaren 28a
18:55
Entzun

Izan Bidea egitasmoaren barruan, urriaren 3an milaka herritarrekin batera Euskal Herriko 650 tontor ingurutara igotzeko deia egin du Sarek. «Euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde, baita elkarbizitza eta bakearen alde» dauden herritarrak elkartzea du helburu dinamika horrek. Izan ere, «gizarte aktibazioa eta instituzioekiko lanketa uztartuz, auzi honi behin betiko aterabidea» eman nahi dio.

«Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia» dela aldarrikatu du Sarek; izan ere, «gobernuan diren alderdiek egoera hau amaitzeko adostasuna agertu dute behin baino gehiagotan». Horrez gain, zera salatu du: «Senideek ezin dute euren bizia errepidean arriskuan jartzen jarraitu, ez eta espetxean duten senidea ikusi eta ukitu gabe urte erdia igaro ere, haur motxiladunei COVID-19a dela-eta gertatzen ari zaien moduan. Areago: ezin dute ikusten jarraitu nola hiltzen zaien preso dagoen alaba, aita edo anaia, gaixotasuna dela medio».

«Etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea» egia bilakatzeko, «inoiz egin den tontor igoera bateratu handiena» antolatu du Euskal Herrian, «tontor esanguratsuenetara igotzeko». Egitasmoan, guztientzako eskaintza egingo dute: «Mendizale amorratuak ez ezik, familiak, haurrak, helduak, zahar eta gazteak ere elkartu nahi ditugu». Datozen asteetan, Sareren webgunean informazioa gehituz joango dira, baita egitasmoaren izena emateko aukera zabaldu ere.

Mobilizazioak hondartzetan 

Salbuespenezko espetxe politikaren berehalako eta behin betiko amaiera eskatuko du igandean Etxerat elkarteak Euskal Herriko hamasei hondartzatan. «Bada garaia euskal presoen familiakoei, seme-alabei, gurasoei eta lagunei ezartzen zaien zigorra eta sufrimendua amaitzeko, eta bizirik eta etxean nahi ditugu», adierazi dute.

Osasun krisiak espetxeetan izan duen eraginaren ondorioz, azken hilabeteotan «beldurra eta ziurgabetasuna» izan dira nagusi, elkarteak adierazi duenez, eta gaineratu du «jasanezina» dela «ezjakintasun, segurtasunik eza eta kezka» egoera hori. Horregatik, «salbuespen neurriak berehala» amaitzeko eta euskal presoak Euskal Herrian egoteko beharra eskatu du. Hori delako «urruntzeak kaltetutako ehunka pertsonen familia lotura errespetatzeko berme bakarra».

Etxerat-ek adierazi duenez, Frantziak «ez du oraindik desblokeatu betikotasunera kondenatutako presoen baldintzapeko askapenen balazta, ez eta larri gaixoen askatzea ere», eta Espainiako Estatuaren esku dauden 199 presoetatik bederatzi bakarrik daude Euskal Herriko espetxeetan. Horietatik guztietatik, sei preso baino ez daude hirugarren graduan, eta 140k lehen graduan jarraitzen dute. Elkartearen arabera, «euskal gizarteak aurrera egin nahi du konponbidean, bakean, eta bizikidetzan», eta, beraz, ezin du onartu «estatuek ehunka familiaren sufrimenduari eustea; izan ere, milaka pertsonak jarraitzen dute espetxe salbuespenaren ondorioak jasaten».

Abuztuaren 2an, hamasei hondartzatara joateko deia egin die Etxerat elkarteak euskal herritarrei. Bizkaian: Arenan, Lagan, Laidan, Lekeition eta Ondarroan, 12:00etan; Bakion, 12:30ean; Ean eta Laidatxun, 13:00etan. Gipuzkoan: Donostian, Hondarribian, Mutrikun, Orion, Zarautzen eta Deban, 12:00etan. Lapurdin: Hendaian eta Donibane Lohizunen, 12:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.