Euskal presoak

Sarek bilera sorta egingo du Espainiako Kongresuko alderdiekin, giza eskubideen gaia «agendan sar dezaten»

Sarek Bilboko manifestazioaren balorazioa egin du, eta bilera saio bat egingo du Madrilen ordezkaritza duten alderdiekin, «entzun nahi gaituztenekin», duela bi urte bezala.

Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 12a
14:35
Entzun

Sare herritar plataformak Bilboko atzoko manifestazioaren balorazioa egin du, eta Espainiako Gobernu berriarekin ireki daitezkeen aukerez aritu da; ezinbestekotzat jo du komunikazio bideak «irekitzen jarraitzea». Ildo horretan, ekimen baten berri eman du: bilera erronda egingo du Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdiekin,  «entzun nahi gaituztenekin», duela bi urte egin zuen bezala, eta helburua zehatza da: «Eskatuko diegu jarrerak har ditzaten giza eskubideak ahaztutako zerbait ez izateko, proaktiboak izateko, eta gai hori euren agendetan sartzeko». Euskal presoen egoerari buruzko txostena emango diete alderdiei, eta bertan «administrazioaren jarrerak presoen eskubideen urraketan gehien eragiten duten datuak batuko» dituzte. 

Presoen egoera nazioartera helarazten jarraitzeko asmoa ere iragarri du Sarek, eta gogorarazi duela gutxi Nazio Batuen Erakundeari eginiko bisita. «Garrantzitsua iruditzen zaigu nazioartera zabaltzea presoen egoera», esan du herritarren plataformak. Horren harira, beste egitasmo bat ere buruan darabiltela azaldu du: «Nazioarteko kongresu bat antolatu nahian ari gara, gatazkak konpontzeko eta konfrontazio bortitzeko egoeretatik bakerako egoerara igarotzeko prozesuetako adituek aukera eduki dezaten gure egoeraren inguruan hausnartzeko». 

Bukatzeko, Sarek dio «bukatu gabeko gatazka bat» dela hau, eta hala izango dela aurrerantzean ere, baldin eta ez bada «akordio handi bat lortzen euskal presoen egoerari eman beharreko irtenbidean». 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.