Sare Herritarrak salatu du erabakitzeko ahalmena dutenek «beste behin ere» baztertu egiten dituztela presoei dagozkien espetxeetako profesionalen balorazioak, eta erabakiak hartzen dituztela aintzat hartu gabe zer bilakaera izan duten espetxean. Asier Ezeiza Aierra euskal presoak zigorraren zati handi bat beteta dauka jadanik, bai Frantziako espetxeetan eta bai Espainiakoetan, baina Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea jarri dio Ezeiza hirugarren gradura igarotzeko proposamenari, zigorra betetzen ari den espetxeko Tratamendu Batzordeak proposatua izan arren.
Sarek dio «justizia humanistarekin zerikusirik ez duten» arrazoiengatik hartu duela Auzitegi Nazionalak erabaki hori. «500 kilometrora dagoen salbuespenezko fiskalak hartu du, eta ez dio jaramonik egiten espetxeetan egunerokoan lan egiten dutenen eta presoen bilakaera hobeto ezagutzen dutenen lan profesionalari». Asier Ezeizak zigorraren zati handi bat beteta dauka, eta, Sareren ustez, garrantzitsua da honako hau ezagutaraztea: «Kontuan hartu behar da zigorraren erdia betetzen dutenez geroztik presoek 3. gradura igarotzeko aukera dutela, eta Ezeizak 2018ko uztailaren 26an bete zuen baldintza hori. Hau da, duela zortzi urte baino gehiago».
Salbuespenik bako justizia
Halaber, Sarek azaldu du zigorraren hiru laurdenak bete ondoren baldintzapean aske geratu daitezkeela presoak, eta Ezeizak 2026ko uztailaren 8an bete zituen zigorraren hiru laurdenak. «Zoritxarrez, ikusten dugu fiskaltzak ez duela kontuan hartzen hori guztia, eta horrek berriro ere Justizia salatzera behartzen gaitu, mendekuarekin zerikusia duten jarrerak direla eta».
Presoen aldeko taldeak uste du «urrats nabarmenak» egin direla «konponbidearen bidean» ETA duela hamabost urte desagertu zenetik, baina «horrelako atzera urratsak» larriak direla. Sarek nabarmendu du bizikidetzaren aldeko apustua egin behar dela, «hauteskunde lehien gainetik», eta hori bakarrik posible jotzen du «salbuespenik gabeko justizia» aplikatuz eta «indarkeria guztien biktimak errespetatzeko konpromisoa» agertuz.