Sarek egokitu egin du larunbateko mobilizazioa

Manifestazioaren ordez, 'Resolution' hitza marraztuko dute 600 lagunek Donostiako Kontxa hondartzan

2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
DONOSTIA. «Era sinbolikoan eta murritzagoan» egingo du Sarek larunbat honetarako aurreikusia zuen manifestazioa, osasun egoerara egokituta; baina euskal presoen egoeraren larritasuna aintzat hartuta, mobilizazioari eustea erabaki dute. Horrenbestez, 600 laguneko ordezkaritza bat bilduko dute Donostian, mosaiko batean Resolution hitza marrazteko [Konponbidea]. Modu «ordenatu eta kontrolatuan» egin ahal izateko, Sare iristen den herri eta auzoetako ordezkaritzekin koordinatuko dute protesta, eta Sarek deia egin du egun horretan sare sozialen bitartez egingo duten jarraipenarekin bat egiteko. «Urgentziarengatik. Egindako urratsek eta adostasunek sortu duten aukera baliatu behar dugulako».

Deialdi zabala egina zuen Sarek larunbat honetarako, manifestazioa eta mosaiko jendetsua egiteko, baina, COVID-19aren datuek gora egin dutela ikusita, eta, batez ere Gipuzkoan dagoen egoera larria aintzat hartuta, erabaki dute «arduraz» jokatu eta mobilizazioa egokitzea. Antolatzen dituzten ekintza eta mobilizazioetan parte hartuko duten kideen segurtasuna eta osasuna bermatzeaz gain, balizko foku baten aurrean «kasuak aurkitzen zailtasunak sor ditzakeen egoera masifikatu bat» ekidin nahi dutela adierazi dute.

Hala ere, «ezinbestekotzat» jo dute salbuespenezko espetxe politika amaitzearen aldarrikapena egitea eta «behingoz konponbide oso eta erreala ematearen eskaria» kalean, sarean eta hedabideetan «presente egotea», «eta ez pandemia honen atzean ezkutuan geratzea, egoera honetan gaiaren larritasuna baretu beharrean areagotu egin baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.