Sarek eta dozenaka kulturgilek salbuespenik gabeko espetxe politika aldarrikatu dute Durangon

Urtarrilaren 10ean Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzera dei egin dute agerraldian: «Euskal preso, erbesteratu eta deportatuen egoera ezin da gehiago luzatu».

Unai Iturriaga adierazpena irakurtzen, gaur, Durangon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Unai Iturriaga adierazpena irakurtzen, gaur, Durangon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko abenduaren 7a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Egoera hau ezin da gehiago luzatu». Hori izango da aurten euskal presoen aldeko manifestazio nazionaleko aldarri nagusia, eta gaur, Durangoko Azoka baliatuta, Sare Herritarrak eta dozenaka kulturgilek agerraldia egin dute urtarrilaren 10ean Bilbora joatera dei egiteko eta «salbuespenik gabeko espetxe politika arrunta» aldarrikatzeko.

Bego Atxak, Sareko bozeramaileak, esan du «inori mesede egiten ez dion egoera bati amaiera ematea» dela euren nahia, eta horregatik aterako direla kalera, «askatasunik gabeko pertsonen eskubideak defendatzeko eta, batez ere, konponbidearen, bakearen eta bizikidetzaren alde egiteko». 

Bego Atxa, gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Bego Atxa, gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Atxak aitortu du garrantzitsuak direla azken urteetan egindako aurrerapenak, baina orain «asko luzatu den eta sufrimendu handia eragin duen» prozesu horren amaiera bideratzea dagokiela. Gogorarazi du oraindik ere indarrean daudela euskal preso, iheslari eta deportatuen aurkako salbuespenak legegintza, justizia eta espetxe eremuetan. «Aldarrikapen horrekin batera, indarkeria ezberdinak jasandako guztien eskubideak eta sentimenduak aitortu behar dira. Guztiek merezi dute beren mina aitortzea eta konpontzea», gehitu du.

Hortaz, legedia salbuespenik gabe aplikatzeko galdegin du, eta preso edo erbestean jarraitzen dutenei «irtenbide justu eta aurrerakoiak» berehala eskaintzeko ere bai.

Kaltea besterik ez

Kulturgileen adierazpena, berriz, Unai Iturriagak irakurri du. Han azpimarratu dute «luzamendutan ibiltzeak» kaltea besterik ez dakarrela: «Eskubideak urratzen dituelako, konponbidea atzeratzen duelako, bakearen ifrentzuan idazten jarraitzea delako».

«Euskal preso, erbesteratu eta deportatuen egoera ezin da gehiago luzatu. Datorren urtarrilaren 10ean Bilbon dugu zita. Ezin da gehiago luzatu. Konponbidea, bakea, elkarbizitza», amaitu dute testua.

Adierazpenarekin bat egin duten kulturgileak

Musikaren arloko Nøgen, Xiberoots, Aitor Gorosabel, Gorka Armendariz (Leihotikan), Iñaki Ortiz de Villalba (Modus Operandi), Martin Ciriza (Tatxers), Anje Duhalde, Arkaitz Martinez (Oreka TX), Hutsun, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Magu (Des-kontrol), Oier (Brigade Loco), Aske Jaialdia, Zaunka Taldea, Josu Zabala, Xabi San Sebastian eta Luken Arkarazo; Itziar Ituño, Aitor Merino, Manex Fuchs, Galder Perez, Ane Zabala eta Itsaso Paya aktoreak; Joseba Beramendi Exprai, Unai Iturriaga eta Javier Etayo Tasio marrazkilariak; Mikel Etxaburu, Jon Arretxe, Eneko Barberena, Paddy Rekalde eta Joxe Aldasoro idazleak; Dorleta Kortazar eta Joxe Mari Karrere ipuin kontalariak; eta 49 bertsolari: Uxue Alberdi Estibaritz, Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Igor Elortza Aranoa, Miren Artetxe Sarasola, Amaia Agirre Arrastoa, Jokin Uranga Isuskitza, Eneko Fernandez Maritxalar, Erika Lagoma Pombar, Josu Txoperena Iribarren, Josu Sanjurjo, Oihana Bartra Arenas, Xabat Illarregi Marzol, Julen Zelaieta Iriarte, Nerea Elustondo Plazaola, Unai Iturriaga Zugaza-Artaza, Ane Labaka Mayoz, Etxahun Lekue, Kristina Mardaras Sedrun, Maite Sarasola Isazelaia, Alaia Martin Etxebeste, Beñat Gaztelumendi Arandia, Joanes Illarregi Marzol, Eneritz Artetxe Eizagirre, Nerea Ibarzabal Salegi, Ioar Tainta Noble, Aitor Mendiluze, Agin Laburu Rezola, Xabat Galletebeitia Abaroa, Jone Uria Albizuri, Unai Mendiburu Valor, Irantzu Idoate Funosas, Juan Mari Areitio Elkoro, Miren Amuriza Plaza, Rikardo Gonzalez De Durana Alzola, Aitor Servier Etxexuri, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Eli Pagola, Arkaitz Estiballes Ormaetxea, Igor Galarza Intxausti, Oihana Iguaran Barandiaran, Gorka Lazkano Arrizubieta, Koldo Gezuraga, Maider Arregi Markuleta, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Haizea Arana, Amets Arzallus Antia, Izar Mendiguren Cosgaya, Aitor Esteban Etxebarria eta Haira Aizpurua Ibargarai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.