Sare Herritarrak azken urteetan hiriburuetako jaietan antolatu dituen manifestazio jendetsuen harian jarraitzen du, eta Iruñeko sanferminetakoaren lekukoa Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietakoak hartu du gaur. Jendetza elkartu du Gasteizen euskal presoen aldeko taldeak, «euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren behin betiko konponbidea eskatzeko». Sare Herritarreko kideek azaldu dute «dagoeneko gehiegi luzatu den eta gehiago luzatu ezin den auzi bat» duela euskal gizarteak. Aurtengo udan hamabi urte dira Sare Herritarra sortu zela, Donostiako San Telmo museoko atarian: «Horrenbeste urtez horrenbeste sufrimendu eragin duen auzi bati behin betiko konponbidea emateko garaia da, eta, aurtengo udan ere, herriz herri ariko gara konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde lanean».
«Lehen aldia da mobilizazio hau egiten duguna erregimen itxian dagoen Arabar presorik gabe», esan du Beñat Uribe-Etxeberria Sare Herritarreko kideak. «Bide horretan jarraitu behar dugu, ETAk bere jarduera eten zuenetik hamabost urtera sufrimenduak ezin du luzatu, eta erregimen irekiaren aldeko apustuak irmoa izan behar du instituzioen zein gizartearen partetik».
Baina baliteke manifestazio handien moldean egiten den azken martxa handietako bat izatea gaur Gasteizen egindakoa. Izan ere, ekainaren 6an, Arrasaten (Gipuzkoa) egindako agerraldi jendetsu batean, Sarek argi esan zuen ez zela «betikotzeko» jaio, baizik eta «konponbidea ahalik eta lasterren eskuratzeko». Halaber, azaldu zuen datozen hilabeteak «erabakigarriak» izango direla «etxeratze prozesuari dagokionez». Hala, Bilboko urtarrilaren 9ko manifestazioa «azkena izatea» nahi dute Sareko kideek: «Azkena izan beharko luke».
Hemuga: Bilbo
Edonola ere, aurtengo udan, Sarek gogora ekarriko ditu urte askoan hartutako «konpromisoak»: «Lanean arituko gara euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria iritsi arte». Horretarako, datozen hilabeteetan ere urratsak egiten jarraituko dute, «etorkizunari begira». Pausoak emateko ardura «kolektiboa» dela esan du Uribe-Etxeberriak: «Ezin dugu utzi ardura hori guztia herritarren esku; erakunde, alderdi, sindikatu eta eragileetan ere ardura kolektibo horrekin jardun behar dugu lanean».
«Ezin dugu utzi ardura guztia herritarren esku; erakunde, alderdi, sindikatu eta eragileetan ere ardura kolektibo horrekin jardun behar dugu lanean»
BEÑAT URIBE-ETXEBERRIA Sareko eleduna
Donostiako eta Bilboko aste nagusiek hartuko dute Gasteizko manifestazioaren segida, abuztuak aurrera egin ahala. «Jar gaitezen lanean datozen hilabeteetan azken urteetako aldarrikapen uholde handiena osatzeko», esan du Sareko eledunak. «Har ditzagun auzo eta herrietako kaleak konponbidearen alde, hain zuzen, Bilbok helmuga izan behar duelako 2027ko urtarrilaren 9an».