Euskal presoak

Sarek manifestazioa egingo du urtarrilaren 11n, Bilbon

"Iraganaren eta etorkizunaren arteko etena markatuko duen inflexio puntua" izatea nahi dute

Sareko kideak eta euskal gizarteko zenbait lagun ezagun, aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
gotzon hermosilla
2019ko urriaren 22a
11:54
Entzun

Urtero bezala, urte berriarekin batera manifestazioa egingo du Sarek Bilbon euskal presoen eskubideen alde. Aurtengoak, baina, esanahi berezia hartuko du: Sareko Joseba Azkarragak eta Arantza Aldezabalek gogorarazi dutenez, Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeak egingo dituzte aurki, eta horrek esan nahi du epe motzean gobernu berria egongo dela Espainian. "Berriro plazaratu behar dugu espetxe politika aldatzeko beharra, irmo plazaratu ere, euskal erakundeetan hartutako zenbait erabakik ematen diguten babesa baliatuta", azaldu dute.

Esan dutenez, azken hilabeteotan Frantziako Gobernuak "mugimendu esanguratsuak" egin ditu espetxeen arloan, eta espero dute Espainiakoarentzat hori "eredu" izatea. Sareren aburuz, Espainiako Gobernuak orain are egindako urratsak "gutxi eta txikiak" izan dira, eta "erritmoa" aldatu behar da, "premiazkoa" delako: "Estatuak ez dauka orain arazo bat existitzen ez den erakunde batekin; arazoa, orain, gizartearekin du".

Sarek espero du urtarrileko manifestazioa, euskal presoen giza eskubideen defentsan aurrerapausoa izateaz gain, "bakea, justizia eta bizikidetza ardatz dituen gizartea" lortzeko ekarpena ere izatea; "Erronka horrek ezberdinen arteko gune berriak sortzea eskatuko digu, besteari entzutea, besteen bizipenak eta mina partekatzea, oinarri sendo bat lortzea: onarpena, errespetua eta enpatia".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.