Sare Herritarrak gogor kritikatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren jokabidea. Fiskaltzak behin eta berriz aurkeztu ditu helegiteak Marixol Iparragirreri 100.2 artikulua aplikatzearen eta Unai Paroti 3G sailkapena ematearen aurka, azkenekoa ostiralean, eta Sarek salatu du erabaki horiek ez dutela zerikusirik justiziarekin: «Mendeku jarreretan oinarritutako erabakiak dira».
Gaur, Gasteizen egindako agerraldi batean, gogorarazi dute bi preso horiek 30 urte baino gehiago daramatzatela espetxean, eta betetako zigor denbora kontuan hartuta aspaldi egon beharko luketela etxean.
«Ez da ahaztu behar 100.2 artikulua aplikatzeko edo espetxe graduz igotzeko gomendioak Euskal Espetxe Administrazioko profesionalengandik datozela; hau da, preso horien eguneroko bilakaera bertatik bertara ikusten duten eta gizarteratzeko prest daudela irizten dioten profesionalengandik. 500 kilometrora dauden organo judizialek erabaki horien aurka helegitea jartzen dutenean —presoen bilakaerari buruzko zuzeneko ezagutzarik izan gabe—, zigor kodean definitutako prebarikazio delituaren adibide argia da», adierazi dute Sareko ordezkariek.
Egoera horiek amaitzeko, espetxe politika «arruntak» aplikatzeko eskatu dute, eta «bizikidetza prozesua sustatzen ez duten egoerak eta konfrontazioa betikotu nahi dituzten presio taldeei» aurre egiteko, «ETA desegin eta hamabost urtera ere horretan jarraitzen duten taldeei, alegia».