Sare Herritarra plataformak azken helmugara heldu nahi du: preso guztiak etxera ekartzera. Hori dela eta, euskal gizarteari dei egin dio Bilbon urtarrilaren 9an egingo duten manifestaziora batzeko. Goiburua Helmuga, denak etxera izango da, eta mugimenduak elkarretaratzearen bidez lortu nahi duen xedea islatzen du: preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko amaiera ematea. Mobilizazio ahalik eta jendetsuena lortzeko asmoz, Sarek haren garrantziaz ohartarazteko Helmuga Ibiltariak antolatu ditu aste honetarako. Lehena gaur izan da, Bilbon, baina hurrengo egunetan Euskal Herriko hainbat hiriburutan egingo dituzte: bihar Baionan, etzi Gasteizen, eta ostiralean Iruñean eta Donostian.
Bego Atxa Sare plataformako bozeramaileak azpimarratu duenez, orain arte herritarren bateratzea izan da aurrera egiten lagundu duena, eta hasierako helburu guztiak lortzeko eta 2027koa azken manifestazioa izateko ere beharrezkoa izango da jendearen laguntza. «Sare sortu zenetik defendatu dugunez, erreibindikazio hauek euskal gizartearen zati handi baten ahalegin kolektiboaren fruitua dira. Denon artean egin ezean, ez baita egingo», adierazi du Atxak. Izan ere, nahiz eta oraindik borrokan jarraitu behar dutela adierazi, hainbat urtetan elkarlanean egindako lanak emaitzak eman dituela baieztatu du.
Sareko kideek ez dute bakarrik egin gaurko ekitaldia, eta plataformaren zeregina babesten duten zenbait eragile han izan dira; besteak beste, EH Bildu eta hura osatzen duten alderdiak, gehiengo sindikala, Etxerat eta Harrera elkarteak eta Bilgune Feminista. Horiek egiten duten lana dela eta, Atxak zera esan die: «Ekitaldia baliatu nahi dugu gure esker ona helarazteko hamarkada hauetan erreibindikazio hauen funtsezko zutabea izan diren elkarte eta pertsonei». Izan ere, ahalegin kolektiboari esker bukatu ziren urruntze politika, zigorrak lehen graduan osorik betetzea, bakartze ziegak eta mendekuan oinarritutako zigor ereduak. Aurrerapauso horiek guztiak egin direla onartu arren, lanean jarraitu behar dutela gehitu du. «Beste etapa bati hasiera eman diogu, eta azken txanpa izena jarri; bidea dugu oraindik egiteko», azaldu du Atxak.
«Etxean egon beharko lukete»
Hizlariek lanean segitzeko 112 arrazoi aipatu dituzte. Hala azaldu du Joseba Azkarragak: «Presoak dira arrazoi horiek, zeinak gaur egun oraindik, espetxe egoera desberdinetan, ez dauden aske». Horietako batzuk jada kalera ateratzeko moduan daude, edo zigorra etxean betetzen ari dira, espetxe araudiko 100.2 artikulua edo hirugarren gradua aplikatuta. Hala ere, Azkarragaren arabera, gehienek jada etxean egoteko baldintzak betetzen dituzte: «Aintzat hartuta espetxean zenbat denbora bete duten, erantzukizun zibila ordaindu dutela eta kartzelan zer portaera izan duten, gehienek etxean egon beharko lukete». 112 presoetatik 73 hirugarren edo bigarren gradu arinduan daude; beste 39, ordea, kalera atera gabe daude oraindik. Azken horien egoeran jarri nahi izan dute arreta mugimenduko kideek.
«Batez ere, 39 pertsona horien egoerak behartzen gaitu ahalegin handiagoa egitera», azpimarratu du Azkarragak. Kideak azaldu du ez direla iraganeko kontu batez ari, ezta erreibindikazio abstraktu batez ere: «Askatasunik gabe dauden pertsona batzuei buruz ari gara hizketan». Horietaz aparte, ez dituzte ahaztu etxetik urrun daudenak: «Hamahiru iheslari eta hiru deportatu ere badaude, eta etxera itzultzeko oztopoak dituzte».
Arrazoi horiengatik guztiengatik, Sarek ikuspegi argi batekin heldu nahi dio datorren etapari. «Lortutako aurrerapausoak onartu, oraindik egiteko dagoena adierazi, eta gure sorrera eragin zuten arrazoiak behin betiko desager daitezen lan egin», azpimarratu du Atxak.