Aurrematrikulazio epea zabaldu delarik, Sarrigurenen (Nafarroa) D eredua eskaintzeko eskatu dio Euskaraz Ere Bai elkarteak Eguesibarko Udalari. Taldeak dio udalak berak Nafarroako Gobernuari eskatu ziola D eredua jartzeko eskola publikoan baina haur eskolan ez dutela eskaintzen. Udalaren ardurakoa da umeen ikastetxea. «Hizkuntz diskriminazioa» amaitzeko eskatu diote Eguesibarko Udalari.
Eskaria ez da oraingoa. Iruñeko gobernuak jaramon egin ez, eta maiz eskatu dute eskaintzeko euskarazko eredua Sarrigurenen. 1.600 sinadura bilduak dituzte, eta udalak eta Nafarroako Arartekoak eskatua dute. Orain, udalari eskatu diote gutxienez eskaintzeko D eredua menpeko duen eskolan.