Bidaya emakume musulmanen elkarteko presidentea

Hajar Samadi: «Sarritan beloa islamofobia elikatzeko erabiltzen da»

Samadiren ustez, islamofobia sistema «kolonial, kapitalista eta patriarkalaren» parte da, eta eguneroko harremanetan, hedabideetan eta instituzioetan errotuta dago.

Hajar Samadi. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Hajar Samadi. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko azaroaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Lehen islamofobia sotilagoa zen, baina gaur egun zuzena eta gordina da». Musulmanenganako mesfidantza eta gorrotoa geroz eta gehiago elikatzen ari direla ohartarazi du Hajar Samadi (Larache, Maroko,1986) Bidaya emakume musulmanen elkarteko presidenteak. Salatu du hala eskuineko alderdiak nola ezkerreko sektore batzuk musulmanen aurkako bazterkeria sustatzen ari direla, «modu sotilean». Aste honetan hitzaldia eman du Gasteizen, Bizikidetza islamofobiaren garaian izenburupean.

Islamofobiaren gorakadaz ohartarazi duzu, eta, bereziki, emakume musulmanen ahotsa isilarazteko nahiaz.

Islamofobia ikuspegi dekolonial batetik aztertu behar da. Sarritan, islama, etnia, jatorria eta kultura nahastu egiten dira, eta horrek arazoa lausotzen du. Sirin Adibi Sibai pentsalari musulmanak dioen modura, islamofobia ez da iritzi bat, ez zurrumurru bat edo gaizki ulertu bat ere. Egitura bat da, eguneroko harremanetan, hedabideetan eta instituzioetan hedatua dagoena. Eta oso nabaria da emakume musulmanak salbatu behar direla dioten diskurtsoetan.

Zer esan nahi duzu?

Sarritan, emakume musulmanen ahotsa isilarazten dute, eta kanpoko inposaketen bidez definitzen saiatzen dira. Ez digute uzten guk geuk azaldu ditzagun gure erlijioa eta identitatea. Azken batean, islamofobia sistema moderno kolonial, kapitalista eta patriarkalean errotuta dago, eta islamaren eta musulmanen ekarpenak gutxiesten ditu. Mendebaldeko gizartean zalantzan jartzen da musulmanok integratzeko borondatea dugula, uste baita Europa eta islama bateraezinak direla. Baina ez da egia. Musulmanak europarrak gara, asko Euskal Herrian bertan jaiotakoak, baina, gezurren bidez, gizartetik kanpo utzi nahi gaituzte.

Zer ondorio dituzte jarrera islamofoboek komunitate musulmanean?

Afrika iparraldeko, Magrebeko eta Sahara hegoaldeko herritarren aurkako estereotipo asko zabaltzen ari dira, jende hori deshumanizatzeko eta haiei jazartzeko. Mediterraneoa edo Bidasoa ibaia zeharkatzen saiatzean migranteak hiltzea eta eskolan beloa janztea debekatzea islamofobiaren erakusgarri dira. Beloari dagokionez, okerrena da ustez emakumeen izenean egiten dutela, baina emakume musulmanen ahotsa entzun gabe.

«Musulmanak europarrak gara, asko Euskal Herrian bertan jaiotakoak, baina, gezurren bidez, gizartetik kanpo utzi nahi gaituzte»

Bizikidetzaren alde egiteko mezua eman zenuen Gasteizko hitzaldian.

Ikuspegia zabaltzea da gakoa. Musulmana izateak ez dizu kentzen herritar izateko eskubidea; gu betidanik egon gara hemen, eta historiaren parte gara. Uste dut aniztasuna ez dela zama bat; kontrara, aberastasuna da, eta gizarteari ekarpenak egiten dizkio. Garrantzitsua da pertsonen aitortzan arreta jartzea: denok daramagu gure motxila, gure historia. Espainian, adibidez, musulmanen memoria historikoa ezabatu egin da, Espainia kristaua eta ez-musulmana dela salduta, baina gezurra da hori. Islamak parte hartu du Europako identitatea eraikitzeko prozesuan —eta euskarak ere baditu jatorri arabiarreko hitzak—.

Zure ustez, zer pauso eman beharko lirateke islamofobia amaitzeko?

Errealitatea konplexua den heinean, orokorkeriak albo batera utzi behar dira, eta salbuespena arau ez egin. Musulman gazte asko narratiba berriak sortzen ari dira; guk bizitza komunitarioa eta auzolana bultzatzen ditugu, negozio txikiak irekitzen eta herri eta hiriei bizitza ematen ari gara, meskitetan laguntza ematen, gizartean zubi lanak egiten... Gizarteak bermatu behar du musulmanok espazio publikoetan egotea, eta hijab batek ez du ez oztopo ez aitzakia izan behar. Izan ere, beloa islamofobia elikatzeko erabiltzen da askotan.

Azken urteetan, jarrera islamofoboak hauspotu dituzte hainbat komunikabidek, sare sozialek eta alderdi politikok. Nola bizi duzu hori?

Lehen, islamofobia sotilagoa zen, baina, gaur egun, zuzena eta gordina da. Eta alderdi politiko batzuek onura politikoa ateratzen diete islamofobiari eta arrazakeriari. Ez bakarrik eskuin muturrekoek; ezkerreko sektore batzuetan ere, laizismoaren edo feminismo hegemonikoaren izenean, bazterketa sotilak agertzen dira. Musulmanenganako mesfidantza eta gorrotoa elikatzeko testuinguru bat sortzen ari dira. Hartu hedabideetako titular islamofobo bat, eta islam jartzen duen tokian jarri judu, eta berehala esango dugu antisemitismoa dela. Baina islamarekin ez dugu ikusten. Islamofobiari izen-abizenak jarri behar zaizkio, eta inpunitatea amaitu.

«Ezkerreko sektore batzuetan ere, laizismoaren edo feminismo hegemonikoaren izenean, bazterketa sotilak agertzen dira»

Bidaya emakume musulmanen elkartea sortu zenuten 2008an. Zer lan egiten duzue?

Emakume musulmanen kezkei eta beharrei erantzuten saiatzen gara. Elkar ezagutzen dugu, gure esperientzien berri ematen diogu elkarri, eta elkarren beharrak entzun ere bai. Gainera, aurre egiten diogu emakume musulmanok lan merkatuan eta hezkuntzan jasaten dugun diskriminazioari, eta aholkularitza, orientazioa eta laguntza eskaintzen ditugu.

Feminismo antirrazista eta dekoloniala defendatzen duzue.

Feminismoak intersekzionalitate guztiak hartu behar ditu aintzat: emakumea eta musulmana naiz, jatorri jakin bat daukat, kultura bat, eta elementu horiek ezin dira bereizi. Feminismo eurozentristak atzeratu edo arrotz gisa hartzen du sarritan estandarra ez den guztia. Baina mundua ez da soilik Europa, identitate asko daude, eta guztiak dira baliozkoak. Guk kolokan jartzen dugu feminismo europar hori, eta munduaren egitura kolonialak baztertu. Hortik abiatuta, gure lekua izatearen eta duintasunaren alde egiten dugu.

Zer-nolako harremana duzue Euskal Herriko mugimendu feministarekin?

Badira elkarlanak eta aliantzak, eta bide horretan jarraitzea da gure asmoa. Gai askotan bat egiten dugu: genero aniztasuna, diskriminazioa, lan prekaritatea... Gai horiek eragina dute emakume musulmanengan ere. Hala ere, uste dut oraindik bide bat egin behar dugula elkarrekin. Adibidez, mugimendu feministaren agendan leku handiagoa izan behar dute emakume migratuen eta egoera irregularrean daudenen eskubideek eta esplotazio forma berriek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.