%26 ugaritu dira osasun langileen kontrako erasoak

SATSE erizainen sindikatuak salatu duenez, hitzezko bortizkeria da nabarmenena.

Osasun arloko langile bat, paziente bat erietxera sartzen, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Osasun arloko langile bat, paziente bat erietxera sartzen, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko martxoaren 11
11:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Erasoak ezin dira normalizatu, ezta justifikatu ere, asistentzia presioagatik, atzerapenengatik edo egiturazko gabeziengatik. Erakundearen ardura da neurri eraginkorrak ezartzea eta lan ingurune seguruak bermatzea». Osasun langileek jasaten dituzten erasoek gora egin dutela ohartarazi du SATSE erizainen sindikatuak. Zehazki, 2024arekin alderatuta, iaz %26 ugaritu ziren langile horien kontrako erasoak. 

Sindikatuak erran duenez, Osakidetzak ez dizkie datuak «modu ofizialean» helarazi; ESIetatik igorri dizkieten datuak dira guztiak. Horien arabera, eraso gehienak lehen mailako arretan izaten dira, eta batez ere erizainen kontra. Hitzezko erasoak dira gehienak (%84), baina badago eraso fisikorik ere, tartean sexu erasoak. «Datu bakoitzaren atzean profesional bat dago, beldurra, antsietatea eta higadura emozionala pairatzen duena, baita askotan lan ingurunean konfiantza galdu ere. Beti baja hartzen ez badute ere, eragin psikologikoa agerikoa da, eta eragin argia du laneko bizitzan eta bizitza pertsonalean», adierazi du sindikatuak.

Hortaz, SATSEk honako eskaera hauek egin ditu: plantillak indartzea, prebentzio prestakuntza ematea, segurtasun neurriak ezartzea edo arrisku bereziko lanpostuak aldizka ebaluatzea, arrisku psikosozialak barne hartuta. Halaber, Osakidetzako Osasun Unitate Korporatiboari eskatu diote erasoen behatokiari berriz ere heltzeko eta zerbitzu erakunde bakoitzean antzeko batzordeak sortzeko, detektatzen diren kasuak tratatu eta neurriak hartzeko. «Zaintzen dituztenak babestea ez da aukerakoa, betebehar legala eta etikoa da», borobildu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA