Seaskak salatu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak heldu den ikasturterako ezarri dizkion irakasle postuak ez direla aski ikasle kopuruaren arabera izanen dituzten beharrei erantzuteko. Azken urteetan, ikasleak anitz ugaritu zaizkie, eta ikasgela gehiago irekitzeko xedea zuten hainbat kolegiotan. Ikastoletarako ere ez dute postu gehigarririk eskuratu, hala nola inklusio beharrei erantzuteko. Asteak eman dituzte ministeriotik erantzun bat eskuratu nahian; azkenerako, «onartezina» iruditu zaie jaso duten hori. Ostiral honetan, hirugarren danborrada eginen dute Baionako karriketan, «irakasle postuak eta mespretxu gutxiago» eskatzeko.
Azken asteetan, Seaskako arduradunek behin baino gehiagotan salatu dute oraindik ez zietela argitua zer baliabide eskuratuko zituzten; Herri Urrats egunean iragarri zuten mobilizazio bat ere eginen zutela. Iazko azaroan jakinarazi zioten Parisi zer behar zituzten irakasle postu gehigarriei zegokienez, eta urtarrilean bilkura egin zuten ministerioan. «Martxorako erantzun behar ziguten, baina asteburu honetan baizik ez dugu ukan postuen berri», deitoratu dute agiri batean. Irakasle eta langileek agerraldia eginen dute 13:30ean, Seaskaren egoitzan.
Kolegioetan dute arazo nagusia. Senpereko (Lapurdi) Kattalin Elizalde kolegioa orain dela bi urte ireki zuten, eta, urtez urte, garatuz joan dira, eta gero eta ikasle gehiagori egin diete harrera. Seigarren eta bosgarren mailekin hasi ziren, iaz laugarrena ireki zuten, eta heldu den ikasturtean hirugarren maila irekitzeko xedea dute, 39 ikasle hartzeko. Seaskaren kalkuluen arabera, bi ikasgela behar dituzte, hau da, 3,68 irakasle postu gehiago. Ministerioak 1,6 izatea baizik ez die onartu. «Parisen zinez uste ote dute gela bakarrean 14-15 urteko 39 ikasle izanik irakasleak bere lana behar bezala betetzen ahalko duela?», galdetu dute.
Larzabaleko (Nafarroa Beherea) Manex Erdozaintzi kolegioan, berriz, 69 ikasle izanen dituzte hirugarrenean. Kalkulatu dute ikasgela bat gehiago beharko dutela, ez daitezen 34-35 ikasle izan klase bakoitzean. Kasu horretan, onartu diete beste gela bat irekitzea, baina eskatu baino apalago horniturik —1,6 postu, 1,84 izan ordez—. «Orenak eskas izanez, ez dugu irakaslerik izanen gai guztiak irakasteko. Zein ote da, Parisen ustez, irakatsi behar ez dugun ikasgaia?».
Baionako Estitxu Roblesen ere gela bat gehiago behar dute, Seaskaren hitzetan. «Hor ez digute dotazio berririk eman. Seigarrenean 28 ikasleko muga izan behar da, baina, Parisen arabera, 33 ikasleko bi gela egin behar ditugu».
Inklusiorako deusik ez
Baina Seaskak lehen mailan du arazorik handiena: Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan dituen 33 ikastoletarako ez diete postu bakar bat gehiago ere eman. «Zero! Ez dizkigute zuzendaritza deskarga guziak eman, eta inklusiorako irakasle berezituak eta aholkulari pedagogikoak ez dizkigute onartzen. Alta, behar handia dugu postu lagungarri horietan», deitoratu dute. Ikastola guztiak kontuan harturik, 30 ikasle baino gehiago dituzte inklusiorako egitura berezien jakinarazpena dutenak. «Postu horiek gabe, ez dira beteko irakaskuntzarako eta ikasle eta irakasleendako baldintza gutxienekoak».
Seaskak oroitarazi du Elisabeth Borne Frantziako Hezkuntza ministroak «eskola osasuna» besterik ez duela aipatzen. «Baina ele ederrez haratago, ez digute neholako baliabiderik ematen». Egoera horrek «kezka eta egonezina» sortzen dizkiela erran dute. «Errespetu falta handia da gure ikasle eta familiei begira».
Apirilaren 18an Bordeleko Akademiako errektore berria Baionan izan zen, eta bilkura egin zuen EEPko ordezkariekin eta Ipar Euskal Herriko parlamentariekin. «Prest» agertu da azterketen gaia lantzeko, eta harekin bildu zirenek adierazi zuten Parisen «diskurtso aldaketa» sumatu zutela. «Hitzak ez dira aski, eta ekintzak behar ditugu. Ez dugu onartzen, ez eta onartuko ere», ondorioztatu du Seaskak. Alde horretatik, oroitarazi du Hezkuntza Ministerioarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin duten hitzarmena bukatua dela 2022tik, eta ez dela «deus» aitzinatu baxoan azterketak euskaraz izan daitezen.
«39 ikasgela berean, fisikoki ezinezkoa da»

Frantziako Hezkuntza Ministeriotik jaso dituzuen dotazioak onartezinak zaizkizuela erran duzue.
Onartezinak zaizkigu, bai ikasleei dagokienez eta baita irakasleei dagokienez ere. 29 ikasleentzat pentsatuak diren ikasgeletan, beraz, ikasleei zaila zaie kurtsoari behar bezala segitzea. Jakinez bakoitzak bere ikaste prozesua baduela, bakoitzak bere beharrak badituela, eta batzuek behar bereziak dituztela, irakasleen ikuspuntutik ere biziki zaila da, ia ezinezkoa, 39 ikasleren ikaste prozesua segurtatzea. Onartezina da bi aldeetatik. Eta galdera zera da: nola pentsatzen du Parisek posible dela horrelako kopuruekin lan egitea?
Materialki, nola sartu daitezke 39 haur ikasgela batean?
Aurtengo Laugarreneko ikasleekin, heldu den urtean Hirugarrenean izango diren horiekin, ariketa egin genuen ostiralean: proposatu genien gela bakar batean sartzea hogeita hemeretziak, gehi irakaslea, gehi bi laguntzaileak. Topatu dira 40 pertsona ikasgela batean, eta fisikoki ez dira sartzen. Irakaslea ezin da pasatu mahaien artean. Ezinezkoa da. Fisikoki ezinezkoa da. Ez dakit tokia bota eta berri bat eraiki behar ote dugun. Ikusita zein den Frantziako Hezkuntza Ministerioaren joera azken urte hauetan...
Inklusiorako postuak ere aipatu dituzu. Horri ere ez dio erantzun Parisek.
Parisen paparra handitzen dute inklusioa aipatzen dutenean. Jakin behar da inklusioari ez diotela inolako begirunerik kalkuluak egiten dituztenean. Hirugarrenean baditugu bost ikasle IEP Inklusio Egitura Pedagogikoan direnak; haien kalkuluan deskontatu dituzte. Esaten dute horiek ez dutela zertan ikasgelan egon behar, badutela beste egitura bat. Baina kontrakoa da inklusioaren filosofia. Ikasle horiek ahal bezain egon behar dute beren ikaskideekin. Existituko ez balira bezala desagerrarazten dizkigute, eta bakarrik 34 ikasle kontatzen dituzte. Lotsagarria da.
Berriz karrikara joateko deia egin duzue. Hori da entzunak izateko duzuen modu bakarra?
Azken urte hauetan beti izan dugu nolabaiteko prekaritatea. Seaskan beti azkenekoak gara baliabideak lortzen. Sare publikoa da lehenik, gero pribatu katolikoak; haiek martxoan jasotzen dituzte haienak. Erran ziguten aurten martxoan jaso behar genituela guk ere, baina martxoan ez da izan, apirilean ez da izan, eta maiatza erdialdean iritsi zaizkigu dotazioak. Eta, gainera, eskasak. Bai, behartuak gara, beste behin, gure ikasleen eta gure irakasleen prekaritatea salatzera. Beti espero dugu azken mobilizazioa izango dela, baina badakigu azken urteotan gure ondoan egon den zerbait izan dela. Azken urtean azterketen gaiak hartu du gaina, baina postuen afera hor da beti, eta ez da desagertu.