Uztailaren 10ean Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean zen gazte batek gizarte hezitzaileetako bat sastakatu ostean piztu zen segurtasun protokoloen inguruko eztabaida. Erasoa izan eta gutxira, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE) eta enpresa batzordeak lantalde bat eratu zuten eraso horren karietara. Batzorde horretan aztertu zituzten segurtasun protokoloak indartzeko neurriak, eta abuztuan bertan erabaki zuten aldundiaren eskumenekoak diren hamar etxebizitzatan segurtasun botoiak instalatzea.
Botoiak martxan daude dagoeneko. Adingabeak sartu ezin diren gela batean instalatzen dira, eta adinekoen telelaguntzaren moduan funtzionatzen dute: botoia sakatuz gero, larrialdi zerbitzuak aktibatzen dira.
Uztailaren 10ean, aldundiaren tutoretzapeko etxebizitza batean, Bilboko Txurdinaga auzoan, 16 urteko gazte batek eraso egin zion hezitzaile bati. Zauritutako langileak —emakumezkoa— ebakiak zituen lepoan eta gorputzaren goiko aldean.
Ikusi gehiago
Horren ondorioz, hezitzaileek lan egiten duten GUFEko enpresa batzordeak exijitu zuen «langile guztien segurtasuna» bermatzeko. Izan ere, enpresa batzordea osatzen duten ELA, LAB, UGT eta SATSE sindikatuek «neurri eraginkorrak» eskatu zituzten: batez ere, laneko arriskuak eta arrisku egoerak prebenitzeko protokoloak eta ebaluazioak eguneratzea, eta «behar beste baliabide material eta giza baliabide» jartzea zeregin horretarako.
Erasoa izan eta lau egunera, protesta bat egin zuten; Bizkaiko gizarte langileak GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen aurrean elkartu ziren, aurreko astean eraso egin zioten langileari «elkartasuna eta babes osoa» adierazteko, eta euren segurtasuna bermatuko duten «neurri eraginkorrak» eskatzeko. Enpresa batzordeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileen batzordeak deitu zuten elkarretaratzera.