Sei eta zazpi urteko zigorrak Parisen epaitutakoentzat

Fiskalak eskatutako urte kopurua murriztu egin du epaileak: urtebete gutxiagoko zigorra ezarri die guztiei.

2017ko irailaren 8a
00:00
Entzun
PARIS. ETAko kide izatea egotzita, sei eta zazpi urte arteko zigorra ezarri diete Parisen epaitutako sei euskal herritarrei. Herenegun hasi zen epaiketa, eta atzo eman zuten epaia. Oro har, Frantziako Fiskaltzak eskatutako zigorrak urtebete murriztu ditu epaileak, zortzi eta zazpi urte artekoak eskatu baitzituen. ETAko kide izatea egotzita eskatu zitezkeen gogorrenak.

Raul Aduna eta Julen Mendizabali zazpi urteko zigorra ezarri die epaileak. Ekhine Eizagirre, Kepa Arkauz, Igor Uriarte eta Andoni Goikoetxeari sei urtekoa. ETAko kide izatea leporatzen die guztiei. 2013ko maiatzaren 7an atxilotu zituzten seiak, egun berean Frantzian egindako hiru polizia operaziotan. Epaituek testu bat irakurri zuten lehen egunean, elkarrizketarako garaia dela nabarmenduz eta Frantziako eta Espainiako gobernuei elkarrizketarako deia eginez, presoen eta iheslarien auziari heltzeko. Fiskalak, berriz, «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu zuen, erakunde armatua «lozorroan» dagoela, ez dituela arma guztiak entregatu eta «edozein momentutan» aktiba daitekeela esanez.

Atxilotu zituztenetik, lau urte eta lau hilabete igaro dituzte espetxean, eta zigorrean hori aintzat hartzen da. Kenkari orokorrak eta espetxe bakoitzari dagozkionak aplikatu beharko zaizkie orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.