Sei eta zortzi urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu fiskalak Kuria kaleko istiluengatik

2022ko prozesioan izandako istiluen harira atxilotutako sei lagunen kontrako zigorrak eskatu ditu fiskalak, eta bost urtez sanferminetan izateko debekua ere ezarri nahi die.

2022ko sanferminetako prozesioa. IDOIA ZABALETA / FOKU
2022ko sanferminetako prozesioa. IDOIA ZABALETA / FOKU
2025eko urriaren 23a
12:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Fiskaltzak sei eta zortzi urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu 2022ko sanferminetan Kuria kalean izandako istiluen harira. Desordena publikoko delituez gain, lesio eta atentatu delituak ere egozten dizkie sei laguni, eta larrigarri bat ezarri du motibazio ideologikoaren araberako diskriminazioagatik.

Auziak 2022ko uztailaren 6an egindako prozesioa du oinarri. Udal ordezkariek udaltzainek inguratuta egin zuten prozesioa, eta bidearen amaiera aldera istiluak izan ziren. Horren ondorioz, hurrengo egunetan bederatzi lagun atxilotu zituzten, «udalbatzari eraso egitea» egotzita; udaltzain bati ukabilkada bat ematea ere leporatu zioten atxilotuetako bati.

Iruñeko Bigarren Instrukzio Epaitegiak egin du auziaren inguruko ikerketa, eta hura amaituta hartu du erabakia fiskaltzak. Diario de Navarra-k argitaratu duenez, sei lagunen kontra egin du: sei urteko espetxe zigorra eskatu du horietako laurentzat, zazpi urtekoa beste batentzat, eta zortzi urtekoa seigarrenarentzat. Azken horri egozten dio udaltzain bati jo eta sudurra hautsi izana. Gainera, denei ezarri nahi die bost urtean sanferminetara joateko debekua.

Izan ere, fiskalaren arabera, «beldur eta indarkeria giroa» sortu zuten akusatuek, eta «arrisku handiko» egoera eragin. Zehazki, poliziak ezarritako hesia hausteko «bultzaka eta kolpeka» aritzea egozten die, «zinegotziengana iritsi eta horiek arrazoi ideologikoengatik kolpatzeko helburuz». Orduan, UPNko Enrique Maia zen alkate, eta haren alderdiak eta PSNk gogor gaitzetsi zuten gertaera.

Hain zuzen, orduko udal gobernuak 12.000 euroko isunak ezarri zizkien hamar laguni, «herritarren segurtasuna urratzeagatik, San Ferminen prozesioan parte hartzen ari ziren ordezkari batzuk iraindu eta jazarrita». Besteak beste, «edariak jaurtitzea» eta «tentsio eta indarkeria egoera sortzea» leporatu zieten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.