Sei hilabetera murriztu dute Amalur Mendizabal jo zuen ertzainaren zigorra

Amaiurko senatari ohia buruan jotzeagatik, bi urteko zigorra ezarri zioten poliziari. Espainiako Auzitegi Gorenak eman du ebazpena

Amalur Mendizabal, jo zuten unean, 2013ko irailean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon olano
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
2013ko irailaren 30ean gertatu zen, Herrira mugimenduaren aurkako operazioan. Amaiurreko senataria zen orduan Amalur Mendizabal. Guardia Zibila elkartearen Hernaniko (Gipuzkoa) egoitzara sartu zen, eta Ertzaintzak inguruak hartu zituen. Jende ugari bildu zen protestara, eta Ertzaintzak indarrez sakabanatu zituen. Mendizabal emakume bat babesten ari zen, senatari txartela aterata, eta ertzain batek buruan jo zuen. Bost zentimetroko ebakia egin zion, eta zortzi puntu eman zizkioten. Mendizabalek azpimarratu zuen kolpea hartu aurretik ez zela izan liskarrik bera zegoen tokian.

Salaketa aurkeztu eta bost urtera heldu zen lehen ebazpena, iazko otsailean. Bertan, epaileak ontzat eman zuen fiskaltzak eta akusazio partikularrak egindako bi urteko zigor eskaera, eta, horrez gain, bi urtean brigada mugikorrean aritzeko debekua ere ezarri zioten inputatutako ertzainari. Diziplina espediente bat ireki zion arren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailakesan zuen zigorra «neurrigabea» zela.

Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du zigorra sei hilabetera jaistea. Izan ere, uste du Zigor Kodearen 21.7 artikuluko aringarria ezar dakiokeela ertzainari, argudiaturik betebehar bat gauzatzen ari zela, eta egoerak «ahuldu» egin zuela haren erantzukizuna. Poliziak helegitea jarri zuen Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren zigorraren aurka, eta Gorenak partzialki onartu du.

Zigor bat gutxiago

3.600 euroren kalte-ordainak ematera ere zigortu zuten, baina horri eutsi egin dio Gorenak. Ordea, lanbide publikoan aritzeko debekua bertan behera utzi dute orain epaileek, zigortutako ekintza «akusatuaren jarduera profesionaletik eratorria» delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.