Bost urte dira Zaldibarko zabortegian luizia gertatu zela eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze hondakinen azpian harrapatuta gelditu zirela. Berez, instrukzio fasean dago auzia, eta fase hori abendu hasieran zen amaitzekoa. Baina instrukzio aldia beste sei hilabetez luzatzea erabaki du auziaz arduratzen den Durangoko auzitegiak. Hala, 2026ko ekainaren 1era arte iraungo du, oraingoz, instrukzio faseak.
Epaileak ebazpenean zehaztu duenez, denborak aurrera egin ahala epea beste sei hilabetez luzatzea erabaki dezake epaileak.
Zaldibarko hondamendiaren ondorioz zenbait auzibide ireki ziren epaitegietan. Sololuzeren eta Beltranen heriotzarekin lotutakoa izan zen lehena. Verter Recyclingek heriotza horien gaineko erantzukizuna bere gain hartu zuen, eta kalte ordain bat eman behar izan zien familiei, zuhurtziagabekeriazko hilketagatik; kartzela zigorra ere ezarri zieten enpresako arduradunei, baina ez zituzten espetxeratu, sei hilabeteko kondenak zirelako.
Bada beste auzibide bat ingurumen delituekin eta horietatik eratorri daitezkeen balizko delituekin lotutakoa, eta hori dago instrukzio fasean.