Sei sai arre pozoituta hiltzea egotzi diote Baztango abeltzain bati

Foruzaingoak egindako ikerketaren arabera, abeltzainak hilarazitako behi batzuetan eta sai horietan toxiko bera topatu zuten. Faunaren babesaren aurkako delitua egotzi diote.

Captura de pantalla 2024 09 03 a las 12.54.00
Hildako sai arre bat. NAFARROAKO FORUZAINGOA
inaut matauko rada
2024ko irailaren 3a
12:55
Entzun

Nafarroako Foruzaingoak eginbide penalak ireki ditu Baztango abeltzain baten aurka, sei sai arre intoxikazioz hiltzea egozten baitiote; zehazki, faunaren babesaren aurkako delitua leporatu diote. Martxoan hasi zuten ikerketa, basozainek sei putre aurkitu baitzituzten hilik. Espezie Nekrofagoen Elikadurarako Eremu Berezi batean topatu zituzten hegaztien gorpuak, hilik zeuden behi batzuen ondoan.

Azterketa toxikologikoak egin zituzten, eta toxiko berak topatu dituzte behien eta putreen gorpuetan; zehazki, abereak hilarazteko erabiltzen den botika bat aurkitu zuten bietan, Pentobarital, eta hilarazitako behien haragia ere topatu zuten sai arreen digestio sisteman. Behi hilak identifikatu zituzten foruzainek, eta baztandar batenak zirela ohartu ziren. Iruñeko Guardiako Epaitegiaren esku dago orain kasua.

Halako botikekin hilarazitako animalien gorpuek kudeaketa berezi bat eskatzen dute, hegazti nekrofagoak pozoitu ez daitezen. Kasu honetan, erraustu egin behar ditu baimendutako enpresa batek, eta zaldiak eta antzeko espezieak lurperatu egin daitezke, baldintza berezi batzuk betetzen badira. 2018. urtean antzeko gertakari batzuk jazo ziren, eta, orduan, Nafarroako Gobernuak albaitariei esan zien bezeroei gogorarazteko nola kudeatu behar diren farmako horien bidez hilarazitako abereen gorpuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.