POLITIKA

Sekretu ofizialen lege erreformaz galdetuko dio EAJk Rajoyri

Espainiako Kongresuak 2016ko azaroan onartu zuen arauaren erreforma tramitera onartzea, baina blokeatuta dago harrezkero.

Aitor Esteban, Espainiako Kongresuan, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
jon olano
2018ko martxoaren 16a
08:33
Entzun

EAJk kontuak eskatuko dizkio Mariano Rajoyren gobernuari datorren asteazkenean Espainiako Kongresuan, Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko ekinbidea blokeatuta dagoelako. Frankismo garaikoa da egun indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Legea, 1968koa, eta hura moldatzeko EAJren proposamena tramitera onartu zuen parlamentuak 2016ko azaroan. Orduz geroztik, prozedura etenda dago.

Espainian, sekretu ofizialtzat jotako agiriek ez dute desklasifikatzeko eperik, eta agintari politikoei dagokie erabakitzea dokumentu bat desklasifikatzen duten. Historialarien lana oztopatzen du horrek. EAJren asmoa da epe bat jartzea, 25 urtekoa, eta hori gehienez beste hamar urtez luzatzeko aukera izatea. Gainera, EAJren proposamenaren arabera, Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak baino ez du izan behar eduki bat klasifikatzeko eskumena; izan ere, gaur egun, gobernuaz gain, armadako Estatu Nagusiko Buruen Batzordeak ere badu gaitasun hori.

2016ko azaroan proposamena tramitera onartu zenetik, prozedurak ez du aurrera egin kongresuan. Zuzenketak aurkezteko epea luzatu dute behin eta berriro; azken aldiz, joan den asteartean, PPren eta PSOEren ekimenez.

Hori horrela, Aitor Esteban EAJko diputatuak Mariano Rajoy gobernuburuari galdetuko dio gaiaren inguruan: "Normala iruditzen al zaizu bere burua demokratikotzat duen Europa mendebaldeko herrialde batean Sekretu Ofizialen Lege frankista batekin jarraitzea, eta horren erreforma urte eta erdiz PPk blokeatuta izatea?".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.