Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko asmoa adierazi du Sanchezek

Espainiako Gobernuko presidenteak CNIren kontrol judizialerako legearen erreforma ere aipatu du. Zerbitzu sekretuek egindako legezko espioitzak defendatu ditu, baina haien berri zuela ukatu du

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez, Espainiako Kongresuan, atzo. FERNANDO ALVARADO / EFE.
Iosu Alberdi.
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Citizen Lab ikerketa zentroak bere txostena argitaratu eta hilabete baino gehiago igaro dela eman ditu Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek aferaren inguruko azalpenak, EH Bilduk, ERCk eta JxCk hala eskatuta. CNI Espainiako zerbitzu sekretuek aitortutako zelatak defendatu zituen atzo Espainiako Kongresuan, baina haiek agindu izana ukatu zuen. Aldarri zaharrak ere gogoratu zituen: 1968ko Sekretu Ofizialen Legea eta CNIren kontrol judiziala arautzeko legea erreformatzeko asmoa adierazi zuen. Gainerako alderdiek, baina, ez zieten sinesgarritasunik eman haren azalpen eta proposamenei.

Presidenteak bere hitzartzeak baliatu zituen hartutako erabakiak defendatzeko, esanez hiru egitate besterik ez direla frogatu orain arte: CNIk baimen judiziala zuela hemezortzi kide independentistak espiatzeko, zerbitzu sekretuen ekintzak legalki egin zirela, eta helburuak ongi zehaztuta zeudela. Are gehiago, argitu zuen zelatatzeko arrazoien artean zeudela Kataluniako aldebakarreko independentzia deklarazioa eta independentisten aurkako epaiaren osteko protestak, haiek «segurtasun nazionalerako kezka» zirelakoan. Besteak beste, 2019ko urrian Prateko aireportuan egindako mobilizazioa aipatu zituen.

EAJko eta EH Bilduko eledunen kezka piztu zuena, berriz, Sanchezek zelaten erantzukizuna ukatu izana da. Presidenteak adierazi zuen CNIk gobernua informatzen duela, baina jarraian gehitu zuen ez zuela ikerketa horren berri: «Gobernuak ez du erabakitzen operazioen gainean». Hala, zerbitzu sekretuen eta epailearen gain jarri zuen ardura osoa.

Hitz horiek entzunda, EH Bilduko Mertxe Aizpuruak zenbait galdera egin zizkion: «Ez bazinen zu izan, nork agindu zuen? Pentsatu behar dugu CNIk gobernua alde batera utzita ekiten duela? Nori erantzuten dio?». Bide beretik jardun zuen EAJko Aitor Estebanek. Haren ustez, «oso larria» litzateke pentsatzea zerbitzu sekretuek «zelula autonomo» gisa funtzionatzen dutela: «Uste bazenuen [adierazpen horiekin] lasaitu egingo ginela, oker zaude».

Hor amaitu ziren, ordea, azalpenak. Izan ere, nahiz eta «legez kanpo» espiatutakoei «enpatia» adierazi , Sanchezek «zalantzan» jarri zuen Citizen Laben 65 izeneko zerrendaren fidagarritasuna. Hori bai, gogoratu zuen ikerketa hark ez dituela «ustezko espioitzak» entitate jakin batekin lotzen. «Konfiantza osoa dut estatuko segurtasun indarrengan».

Gobernuko kideen aurkako zelatez, berriz, Sanchezek nabarmendu zuen «garden» jokatu dutela afera Auzitegi Nazionalaren esku jarrita eta iritzi publikoari haren berri emanda: «Egitate bat da segurtasunean huts bat egon dela». Hutsegitea aitortuta ere, nahikotzat jo zituen orain arteko neurriak —sekretu ofizialen batzordearen bilera, CNIren barne ikerketa eta estatuko arartekoarena—, eta auzitegiek eskatu dezaketen informazioa desklasifikatzeko prest azaldu zen, segurtasun nazionala arriskuan jartzen ez badu.

Erantzun gabe geratu dena ikerketa batzorde baten eskaera izan da. Afera «ikertzeko, argitzeko eta ardurak garbitzeko» ezinbestekoa litzateke hura, Aizpuruaren esanetan. Izan ere, hark eta inbestidura blokeko beste zenbait ordezkarik «estatuko estoldak» edo «sakoneko estatua» kontrolatzeko gai ez izatea leporatu zioten presidenteari.

«Oinarri demokratikoa»

Sanchezek beste bi iragarpen egin zituen. Sekretu Ofizialen Legearen eta CNIren kontrol judizialerako legearen erreforma. «Funtsezkoa da oinarri demokratiko eta konstituzionaletara eta nazioarteko estandar onenetara egokitzea araudia», esan zuen, lege frankistaz hitz egitean. Erreforma hori gobernuaren plan normatiboaren parte izan da bi urteotan, eta hura gauzatzeko urratsak iragarri zituen orain urtebete edo. Baina ordutik ez da aurrerapausorik eman.

Bigarrenaz, berriz, azaldu zuen «kontrolaren bermeak indartzeko» eta norbanakoen eskubideak bermatzeko helburua izango duela, «iraultza teknologikoaren azeleraziora» egokituz. Kasu horretan, Estebanek gogoratu zion jeltzaleek aurreko astean aurkeztu zutela aferaren inguruko lege proposamen bat, eta eskaerei erantzuteko eskatu zion.

Aurrera egiteko «elkarrizketaren bidea» jorratu beharra ere nabarmendu zuen Sanchezek, Kataluniako gatazka politikoari erreferentzia eginez. Alderdi independentistek izaniko jarrera gaitzetsi zioten. Azalpen falta ikusita, Kongresura «zertarako» joan zen galdetu zion ERCk; bere hitzek egoera «okertu» dutela leporatu PDeCATek; eta elkarrizketarako sinesgarritasun oro kendu zioten JxCk eta CUPek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.