Hezkuntza. LOMCEren eragina

Selektibitatearen antzeko proba jarri nahi dute Batxilergoko errebalidatzat

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua EHUrekin eta NUPekin ari dira azterketa taxutzen. Orain arteko proben gisakoa izango da, baita jartzaileak ere. Hamalau puntu arte lortu ahalko dira orain ere

Garikoitz Goikoetxea.
2016ko urriaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Diferentzia handirik gabekoak, norabide berekoak izango dira orain arteko selektibitatea eta aurten abian jartzekoa duten Batxilergoko errebalida. Nor bere estiloan, baina mezu hori ematen ari dira ikastetxeei Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza. Iruñeko gobernuak gutun bat bidali du eskoletara; azaldu die NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin ari dela proba taxutzen, eta «ahalik eta aldaketa txikienak» eragiten saiatuko direla. Jaurlaritzak jakinarazi du EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin ari dela azterketa prestatzen, eta oraingo probaren «antza» izango duela. Probarako irizpideak argitzeko dauzka oraindik Espainiako Hezkuntza Ministerioak.

Aldaketarik ez dago Madrilen, jardunean dago gobernua oraindik, eta ikasturtea aurrera doa. Egoera nahasia da erabat. Batetik, parlamentuaren esparruan, gutxiengoan dago PP; hura da hezkuntza erreformaren defendatzailea. Bestetik, gobernuaren aldetik, azterketarako xehetasunak ez ditu oraindik eman ministerioak, eta arazo juridikoak ere baditu horretarako. Espainiako Eskola Kontseilutik pasatu behar du dekretua, eta ezegonkortasun betean dago erakunde hori, agintaririk gabe: aurrekoak joan dira, eta berriak izendatzerik ez dute izan, gobernua jardunean ari da eta. Eskoletan ari dira ondorioak nozitzen, egoera noiz argituko zain.

Unibertsitateekin batera

Errebalidarik ez dela izango esan du behin eta berriz Eusko Jaurlaritzak. Horri eusten dio. Ikastolen Elkartearen ikasturte hasierako ekitaldian mintzatu zen azkena Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua, aurreko astean: «Kurtso honetan ez dugu errebalidarik egingo Euskadin. Eusko Jaurlaritza eta EHU lanean gabiltza jada unibertsitaterako sarrera proba diseinatzen, orain arte izandakoen antza izan beharko lukeena».

Gisa bereko erabakia hartu du Nafarroako Gobernuak ere. Unibertsitatearekin batera ari da proba prestatzen. «Egonkortasuna nahi dugu, jarraitutasuna», adierazi dio BERRIAri Roberto Perezek, Hezkuntzako zuzendari nagusiak. Selektibitatea prestatzearen ardura unibertsitate publikoek eduki dute orain arte, baina errebaliden ardura gobernuena da. Hori ikusita, selektibitatearen gisako proba izatea bermatzeko, bi aldeak elkarrekin ari dira lanean. Hala azaldu du Martin Larrazak, NUPeko sarbideko arduradunak: «Legea aldatu zenetik, Hezkuntza Departamentuaren ardura da proba, baina kolaborazioarekin jarraituko dugu. Bien artean prestatuko da. Guk esperientzia dugu horrelako probak antolatzen». Selektibitateko probak prestatzen aritu izan direnek taxutuko dute azterketa aurrerantzean ere.

EHUrekin ere harremanetan jarri da kazeta hau, baina ez du hitz egin nahi izan, gaia Jaurlaritzaren eskumenekoa dela esanda.

Selektibitatearen gisako proba egiteko, abantaila handi bat dute aurten bi gobernuek: azterketak ez du errebalida funtzioa aurten, lehen urtea denez. Alegia, titulua berdin jasoko dute proba gainditzen ez duten ikasleek ere. Datorren urtetik aurrera, ez. Argi diote curriculumek. Hona Eusko Jaurlaritzaren dekretukoa: «Batxiler-titulua eskuratzeko, amaierako ebaluazioa gainditu beharko da». Aurtengoa salbuespena da. Nolanahi ere, legearen arabera, «azken ebaluazio» hori ikasle guztiek egin beharko lukete, nahiz eta ondoren titulua berdin lortu.

Sarbidea nola arautu

Aurten titulua lortzeko nahitaezkoa ez dela jakinik, probaren helburua selektibitatearen berbera da: unibertsitatera sartzeko bidea antolatzea, ikasleei nota jartzea. Bi arazo praktiko daude airean. Batetik, curriculum aldaketak. Ez du eraginik izango horrek, Perezen esanetan: «Curriculuma aldatu da, baina aurrekoen antzekoa da». Gogoan izan behar da ikasgai berriak sortu dituztela LOMCErekin. Horrekin lotuta, beste arazo bat dute errebalidek: lehen mailan egindako ikasgaiak ere sartzen dira. «Hori ez da inoiz gertatu, bi urte lehenago egindako ikasgaiak azterketan sartzea», ohartarazi du Nafarroako Gobernuko ordezkariak. Hori gainditze aldera, departamentuak proposatu du taldeka antolatzea ikasgaiak. Lehen mailako ikasgaiak saihestu ahalko lituzkete ikasleek.

Unibertsitatean sartzeko nota nola kalkulatu, hori da beste arazoa. Selektibitatearekin, 14 puntu arte lor zitzaketen ikasleek; errebalidek, ordea, 0-10 puntuazioa dute. Desberdintasuna sor zezakeen horrek ikasleen artean: hots, aurreko ikasturteetako ikasleek abantaila izatea, 14 puntura arte lor zitzaketelako, eta aurtengoek ez. Karrera batean sartzeko aukera horren araberakoa izan ohi da.

Madrilek atzera egin du, eta 14 puntuen ereduarekin jarraituko du; hots, selektibitateko sistemarekin. Lehen hamar puntuak azterketaren araberakoak izango dira: batez bestekoa. Beste lau puntuak haztatu egingo dituzte: segun zer karrera egin nahi duten, pisu handiagoa izango dute azterketa batzuetako emaitzek. Desberdintasuna hau da: selektibitatea bi zatitan zegoen banatua, eta bigarren zatia hautazkoa zen. Orain, ez: guztiek egin beharko dute proba osoa. Alde handirik ez da izango, nolanahi ere, NUPeko ordezkariaren arabera: «Bi zatiak egiten zituzten ikasle gehienek».

Unibertsitate bakoitzak ezarriko du haztatze sistema hori, zenbat pisu eman ikasgai bakoitzari. CRUE errektore elkarteak ohartarazi du «haustura» ekar dezakeela horrek, unibertsitate bakoitzak bere aldetik jo dezakeelako. Ez da hori gertatuko Euskal Herrian: G9 taldean daude EHU eta NUP, eta jakinarazia dute «sistema komun bat» erabiliko dutela, 14 puntuen eredua ardatz duena.

Batxilergoko errebalidak sortu du polemika, baina aurten beste bat ere martxan jartzekoa dute berez: DBH amaierako azterketa. Dekretuetan jasoa dago hori ere. Jaurlaritzarenak hau dio: «DBHko graduatu titulua eskuratzeko, amaierako ebaluazioa gainditu beharko da». Batxilergoan bezala, aurten, lehen urtea denez, ez da derrigor gainditu beharko. Beraz, ez du batere pisurik DBHko probak aurten. Ez dute pausorik eman erakundeek, hortaz. Ministerioak ere ez du gaiaz ezer esan. Datozen asteetan argitzekoa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.