Seme-alaba adingabeak dituzte indarkeria matxistaren biktimentzako telefonoan artatutako emakumeen ia erdiek

Eusko Jaurlaritzako zerbitzura jotako hamar emakumetik zazpik tratu txar fisikoa pairatu dute, eta artatutako kasu guztietan atzeman dute indarkeria psikologikoaren zantzuren bat. Iaz 3.087 kontsulta artatu zituzten telefonoan.

Emakumeak indarkeria matxista salatzen, protesta batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Emakumeak indarkeria matxista salatzen, protesta batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
edurne begiristain
2026ko martxoaren 5a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Satevi indarkeria matxistaren biktimentzako telefono bidezko arreta zerbitzuak 3.087 lagun artatu zituen iaz, eta horietako ia erdiek (%44,78) seme-alaba adingabeak edo beste pertsona batzuk zituzten zaintzapean. Horra zerbitzu horren inguruan Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak emandako datu esanguratsuetako bat. Baina bada besterik: telefonoan artatutako hamar emakumetatik bederatzi bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriaren biktima ziren.

Egunero, batez beste, 257 kontsulta artatu zituzten iaz 900-840 111 telefono zenbakian. Zerbitzu horretara jo zuten gehienak (2.459) indarkeria matxistaren biktimak izan ziren, baina biktimen hurbileko 475 pertsonak eta 1.121 profesionalek ere deitu zuten laguntza eske.

Edozein emakume izan daiteke indarkeria matxistaren biktima, eta zerbitzua erabili duten emakumeen inguruko hainbat datuk horixe bera berresten dute: zerbitzuaren erabiltzaileen %76 «bertakoak» ziren, eta horietako %58,83k enplegua zuten. Gainera, arreta jasotako emakumeen %44,78k seme-alaba adingabeak edo beste pertsona batzuk zituzten ardurapean. Datu horiek aintzat hartuta, eta, Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera, mila adingabe baino gehiago egon daitezke babesgabetasun arriskuan.

Zerbitzura jo duten hamar emakumetik bederatzi (%90,67) bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriaren biktima izan ziren, eta gainerakoen kasuan familia ingurunekoak edo gertukoak izan ziren erasotzaileak. Agerraldian nabarmendu dutenez, zerbitzura jotako indarkeria matxistaren kasu guztietan atzeman zuten indarkeria psikologikoaren zantzuren bat, eta ia hamar emakumetik zazpik tratu txar fisikoa ere pairatu zuten. Bestelako indarkeria mota batzuk ere atzeman zituzten: %36,14k sexu indarkeria jasaten zuten, eta %35,70ek, indarkeria ekonomikoa.

Adinari dagokionez, zerbitzura jo zuten emakumeen %27 inguru 41 eta 50 urte bitartekoak ziren, eta %23, 18 eta 30 urte bitartekoak. Artatutako dei gehienak Bizkaitik egin ziren (%65), ondoren Gipuzkoatik (%20) eta Arabatik (%14). Dei ia gehienak gaztelaniaz egin zituzten (%97), euskaraz egin zituzten deien %2,5, eta beste hizkuntza batzuetan egindakoak —arabiera, ingelesa, frantsesa, portugesa eta errusiera— interpretazio zerbitzuen bidez erantzun zituzten.

Esku hartzea eta laguntza

Satevi zerbitzuak emakumeei eskaini dien erantzun nagusia «konpainia» eta «esku hartzea» izan da; eskari nagusien %93 izan zen molde horretakoa joan den urtean. Eta orientazioa, informazioa eta emozioei eusteko baliabideak eman zizkieten nagusiki biktimei, Melgosak jakinarazi duenez.

Aurrera begirako erronkez ere mintzatu da sailburua. Jakinarazi duenez, txat bidezko arreta kanal bat ezarriko dute aurten, eta lehentasunen artean dute lurralde koordinazioa indartzea eta esku hartze komunitarioko plan bat diseinatzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.