Sendaviva

Sendaviva parkea berriro ireki dute ekaineko suteen ostean

Parkearen irekiera partziala izango den arren, berrikuntza batzuk egin dizkiote: uretako atrakzioak eta lehorreko zenbait jarduera berri gehitu dituzte. Irekiera ekitaldia egin dute goizean langile eta segurtasun kideei omenaldia eginez.  

Nor talde antiespezistaren ikerketako irudi bat: lemurra Sendaviva zoologikoan, kristalezko kaiolan sartuta. NOR
Lide Egizala Urteaga.
2022ko uztailaren 22a
16:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Sendaviva parkeak bere jarduerari ekin dio berriro ere gaur goizean. Ekainaren 18an izandako suteek parkeko instalazioei eragin zieten, eta, ondorioz, itxi egin behar izan zuten Sendaviva. Hala ere, hilabete baten bueltan, berriro ateak irekitzeko prestatu dute, eta berrikuntza ugari egin dizkiote.

Ikusi gehiago: Suteen ondorioz, Nafarroan egoera «larria» da

Irekiera ekitaldia

Parkearen irekiera ekitaldian, bertako langileei eta sua itzaltzen lagundu zuten larrialdi eta segurtasun langileei omenaldia egin diete. Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Pilar Irigoien SODENAko zuzendari kudeatzailea, eta Ruben Gonzalez Sendavivako kudeatzailea egon dira bertan.

Irujok zoriondu egin ditu langileak, eta eskertu egin die «egindako lan ona», eta «aurrera begiratzeko eguna» dela ziurtatu du. Halaber, «Sendavivaren kalitatearen, aniztasunaren eta erakargarritasunaren alde lanean jarraitzeko» konpromisoa agertu du. Gaur egun, Nafarroako garapen ekonomikoaren azpiegitura turistiko eta motor nagusietako bat da Sendaviva. Horren aurrean, kontseilariak gogorarazi du Nafarroako Gobernuak «hasieratik» jarri duela interesa harengan, «itxierak inguruko sektore turistikoan izan duen eragina arintzen saiatzeko».

Inguruko agintariez gain, suhiltzaileen, Babes Zibilaren, Foruzaingoaren eta Guardia Zibilaren ordezkariek hainbat zuhaitz ere landatu dituzte, suak suntsitu zituen parkeko eremuak berritzeko asmoz.

Parkeko eskaintza

Parkearen irekiera partziala izango da, suteak eragindako atrakzioak (Bobsleigh, Tubing, Erorketa Librea, Tirolina Handia, FIA begiratokia, Minirally, diligentzia, Legendetako Basoa, Etxe Sorgindua eta Maskoten Etxea) itxita egongo baitira. Horrez gain, eremu horretan bizi diren animaliak ere ezingo dira ikusi (hartzak, otsoak, katamotz iberikoak eta bisoiak). Hala eta guztiz ere, uretako atrakzioak eta lurreko hainbat jarduera berri gehitu dituzte. Horiek ingurumena zaindu eta errespetatzearen inguruan kontzientziatzea dute helburu.

Berrikuntzak

Uretako atrakzioei dagokienez, Los Rapidos da gehitutako berrikuntza nabarmenetako bat. 14 metroko altueran dauden lau txirrista dira, eta forma eta ibilbide desberdinak dituzte.

Uretako beste atrakzioetako bat Roko Urtsua da. Eskalatzeko rokodromo baten eta ura duten lau txirristen arteko konbinazioa da. Haurren uretako gunean ere berrikuntzak egin dituzte. Ohiko atrakzioez gain, Splash izeneko eremua ireki dute. Bertan, hamaika geiser, zurrusta bertikal eta direkzionalak, eta barraskilo itxurako txirrista daude.

Lehorreko jarduerei dagokienez, parkea bisitatzen dutenek Landaketa Sendaviva: bizitzaren hasiera programan parte hartzeko aukera izango dute. Herriaren eremuan eta parkearen basoa leheneratzen laguntzeko, zuhaitz bat landatzeko aukera egongo da horretarako prestatutako mintegi batean. Landatzen diren zuhaitz guztiak suteak kalte egin zion eremua basoberritzeko erabiliko dira.

Gainera, Sendaviva bisitatzen dutenek ordu erdiko Zero Gunera bisita egin ahal izango dute. Bisita horretan, sua parkera nola sartu zen eta gertaerak nola gertatu ziren azalduko da. Ikuskizun berriei dagokienez, El secreto del chamán estreinatuko da. Egunaren amaieran, berriz, Saimiris hitzaldira joateko aukera ere izango da. Jarduera berri horretan, katagorri tximuak ikusteko aukera izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.