Sententziaren zain geratu da Aroztegiko zazpien aurkako epaiketa

Fiskaltzak eta akusazioak "talde kriminal antolatuaren" hipotesiari eutsi diote, eta hogei urteko kartzela zigorrak eskatu dituzte guztira. Defentsak absoluzioa eskatu du.

Aroztegiko auzipetuak, Iruñeko epaitegiaren kanpoaldean, epaiketa amaitu ostean. ION ORZAIZ
Aroztegiko auzipetuak, Iruñeko epaitegiaren kanpoaldean, epaiketa amaitu ostean. ION ORZAIZ
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko maiatzaren 23a
14:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Bost egunen ostean, sententziaren zain gelditu da Aroztegiko auzipetuen aurkako epaiketa. Gaurko saioan, hasierako diskurtso eta zigor eskaerei eutsi diete fiskaltzak eta akusazio partikularrak; hau da, Baztango zazpi auzipetuak «talde kriminal antolatu» baten parte direla, eta Lekarozko (Nafarroa) Aroztegia hirigintza proiektua geldiarazi zutela «indarkeriaren, mehatxuen, irainen eta bortxazko giro baten bitartez».

Diskurtso suharra egin du fiskalak, akusazioak baino are suharragoa. Esan du auzipetuen xede bakarra zela «lanak geldiaraztea, kosta ahala kosta, baita indarkeria erabiliz ere»; eta Aroztegia proiektua «legezkoa» zela, haren sustatzaileek lanei ekiteko «baimen guztiak» zituztelako. Ontzat jo ditu epaiketaren lehen saioan Palacio de Arozteguia SM enpresako arduradunek eraikitako kontakizuna, eta esan du akusatu bakoitzak «funtzio propioak» zituela «talde antolatu baten barruan», eta Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohia zela «talde horren buruzagia eta aginduak ematen zituena». Hortaz, «ondarearen, makinen integritatearen eta askatasunaren aurkako delituak» egotzi dizkie.

Are: esan du akusatu guztiak direla Aroztegian erregistratutako kalte materialen «erantzule funtzionalak», epaiketak iraun duen bitartean ezinezkoa izan bada ere auzipetuak delitu zehatzekin lotzea: «Auzipetu denen helburua zen makinak kosta ahala kosta geldiaraztea, eta herritarrak mobilizatu zituzten obrak gelditzeko. Ontzat jotzen zuten edozein ekintza, baita indarkeria fisikoa edo psikologikoa ere, helburu hori lortzeko balio bazuen. Eta harro daude horretaz. Mugimendu sozial horren parte dira denak».

Fiskalaren ustez, auzipetuen jardunak «desobedientzia zibilaren esparrua» gainditu zuen, «indarkeria» erabili zutelako. Alta, horren frogatzat jo dituen bideoek eta irudiek ez dute halakorik erakusten: tokiko hedabideetan argitaratutako elkarrizketak, eserialdien bideoak eta Aroztak taldeak berak sare sozialetan hedatutako bideo satirikoak. Ez dio baliorik eman, ordea, defentsak aurkeztutako lekukoen testigantzari, «oso partziala» izan zelakoan. Zehazki, Baztango alkate ohi Joseba Otondori eta Lekarozko zinpeko alkate Ernesto Prati buruz esan du «akusatuen lagun minak» direla, eta hortaz, ezin dela aintzat hartu haiek esandakoa.

Fiskalaren txanda amaituta, akusazioko abokatuek hartu dute hitza, eta bat egin dute fiskalak esandako guztiarekin. Aroztegiko proiektuaren aurkako mugimenduaren «antolaketa» eta «indarkeria» izan dituzte aipagai berriro ere, baina azpimarra eginda hirigintza proiektu erraldoiaren legezkotasunean. Hitzaldia amaituta, zigor eskaera egin du akusazioak: hiru urte eta hilabete bateko espetxealdia Garbiñe Elizegirentzat, eta bi urte eta hamar hilabetekoa gainerakoentzat. 20 urteko kartzelaldi metatua, guztira.

Frogarik ez

Akusazioaren txanda amaituta, hitza hartu dute defentsaren abokatuek. Nabarmendu dute bost eguneko epaiketan ezinezkoa izan dela frogatzea zazpi auzipetuek delituren bat egin zutela: «Pertsona hauek ez daude hemen egin dutenagatik, direnagatik baizik: Aroztegiaren aurka daudelako eta obren ingurumarietan identifikatu zituztelako», azaldu du Leire Martin abokatuak.

Akusazio orokor eta teoria polizialen gainetik froga zehatzei erreparatzea galdegin du defentsako abokatuak: esan du, adibidez, zazpi auzipetuei leporatzen zaiela 2021eko apirilaren 8ko goizean Aroztegiko obren eremuan sartu izana, eta, horrez gain, seinaleak apurtu, ibilgailu bateko giltzak ebatsi eta langileak mehatxatu izana. «Bada, aurkeztutako frogen eta lekukoen arabera, ezin da esan egun horretan inor sartu zenik edo lanak eten zirenik». Hurrengo egunei buruzko testigantza eta identifikazioetan ere kontraesanak topatu ditu defentsak, frogatua baitago auzipetuetako batzuk beste nonbait zirela une horietan. «Horregatik soilik balitz ere, pertsona hauek absolbitu beharko zenituzkete», laburbildu du Martinek.

«Talde kriminal antolatu» bateko kide izatea ere egotzi diete Baztango zazpi herritarrei, eta, abokatuaren ustez, horrek ere ez du ez hanka ez buru: «Zein izanen litzateke talde kriminal hori: Aroztak? Aroztegia eta gero zer? Ez dago argi. Eta zeintzuk dira akusazio horren oinarrian dauden ebidentziak? Ez dago frogarik. Ez dago loturarik akusatuen eta Aroztegiko kalte materialen artean, ezin izan dituzue pertsona hauek delituekin lotu, eta, hori gutxi balitz bezala, ezin izan duzue frogatu ustezko talde kriminal antolatu horren egitura».

Desobedientzia zibila jomugan

Antzera hitz egin du Josu Beaumontek, defentsaren beste abokatuak. Azaldu du Aroztegiko hirigintza proiektua egiteko lanak ez zirela legezkoak, baldintzen txostena baliogabetzat jo baitzuen justiziak: «Ezin ziren lanak esleitu, eta prozedura osoa gaizki egina zegoen. Horregatik joan ziren herritarrak lanak gelditzera: hondeamakinek eraginen zuten triskantza berandu baino lehen eragozteko». Beaumontek gogorarazi du akusatu guztiek onartu dutela egin zutena; hau da, makinen aurrean esertzea eta lanak geldiaraztea. Ekintza horiek, baina, «era baketsuan» egin zituzten: «Auzipetuak ez ziren ezkutatu, eta une oro iragarri zuten egiten ari zirena. Ez zuten inolako indarkeriarik erabili, eta horixe berretsi zuten langileek, lekukoek eta Guardia Zibilaren instrukzioa egin zutenek».

Abokatuaren ustez, akusazioak eta fiskalak ikusi dute ezinezkoa izanen dela auzipetuei delitu zehatzak leporatzea, eta horregatik erabaki dute «talde kriminal» antolatuaren akusazioa gehitzea. «Milaka dira Baztanen Aroztegiaren aurka daudenak eta manifestazioak egin dituztenak... agian denak auzipetu beharko zenituzkete, eta kriminalak balira bezala epaitu», esan du, ironiaz.

Edonola ere, Beaumontek «oso larritzat» jo du desobedientzia zibila praktikatzen duten mugimenduak jomugan jarri izana: «Aroztegiaz harago doa auzi hau. Zazpi auzipetuak kondenatuko balituzte, oso aurrekari arriskutsua ezarriko litzateke, eta arriskuan egon liteke mugimendu sozial guztien etorkizuna. Desobedientzia zibila talde kriminalekin lotzen badugu, jokoan jarriko ditugu adierazpen askatasuna, askatasun politikoa eta beste hainbat eskubide oinarrizko».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.