Sestaoko alkateak etorkinei jarritako oztopoak ikertzen hasi da Arartekoa

Espedientea zabaldu du, eta kanpotarren errolda eskariak zergatik ukatu dituen argitzea galdegin dio Lamarcak Bergarari

Sestaoko alkatearen aldeko elkarretaratzea egin zuten astelehenean herriko enparantzan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
2014ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Erroldatzen utzi behar diela etorkinei. Ezin duela segitu bide beretik, herritarrei erroldarako sarbidea ukatzen. Seme-alabak eskolatu ezinik daudela horietako asko, eta ez dituela bete legez dauzkan eginbeharrak. Herriko atzerritarrak erregistratzea dagokiola gogorarazi dio EAEko Arartekoak Sestaoko alkate Josu Bergarari. Ikerketa abiatu du haren jarduna aztertzeko, eta espediente bat ireki du: seigarrena 2011z geroztik.

Etorkinen kontrako adierazpenak kaleratu eta aste batera erabaki du auzian esku hartzea Iñigo Lamarca buru duen erakundeak: ofiziozko jarduera hasi du Bergararen aurka, neurriak har ditzala eskatuz. Eskariak zergatik ukatu dituen argitzeko gutun bat igorri dio, eta hamabost eguneko epean erantzuna jasotzea espero du.

Atzerritarrei erroldatzea ukatzeagatik egin dio ohartarazpena arartekoak. Jakinarazi du Sestaon badirela «marjinazio» egoeran bizi diren hainbat sendi. Hala ere, udalak beste modu batera jardun beharko lukeela. Ohar argia egin dio: «Ezin dugu ahaztu administrazio publikoek giza eskubideak goitik behera errespetatu eta bete behar dituztela. Batez ere, berdintasuna behatzea dagokie. Ezin dute pertsona edo kolektiborik baztertu». Herritarren segurtasun eta hirigintza arazoak ere izan ditu hizpide Lamarcak. Udalari galdegin dio ea aintzat hartu dituen 2006an herriaren egoera hobetzeko helarazitako ondorio eta gomendioak. Orobat, ez du begi onez hartu orokorkerietan erortzea. Immigrante oro zaku berean sartzeak hainbat kolektibo «susmopean» jartzea dakarrela salatu du.

Ez da aurreneko aldia Lamarca arartekoak Sestaoko Udalaren kontrako izapideak abiatzen dituela. Hainbat gomendio egina dio lehenago ere, antzeko motiboak tarteko. Udalak, alabaina, ez du bakar bat ere bete oraindik.

Sei gomendioak, bete gabe

Oraingoan, erroldarekin zerikusia duten gomendioetan jarri du arreta berezia. Izan ere, joan den astean herrian bizi diren zortzi lagunek auzitara jo zuten alkatearen aurka. SOS Arrazakeriaren bidez ezarri zioten salaketa, etorkinak eta ijitoak alboratzen dituelakoan. «Arrazakeriaz» mintzatzeaz gain, prebarikazioa ere leporatu zioten. Salaketaren arabera, Bergarak aitortua du 40 erroldatze txosten dauzkala ebatzi gabe. Sekulako zalaparta eragin dute haren berbek. Barkamena eskatu zuen adierazpenak argitara atera ziren egun berean. Immigranteen eskubideen aldeko hainbat talderekin bildu zen hurrengoan. Dena dela, oraindik argitu gabe jarraitzen du erroldan sartu ezinik dauden etorkinekin zer egingo duen.

Arartekoak gogora ekarri du azkeneko urteotan behin baino gehiagotan esku hartu behar izan duela Sestaoko Udalaren kontra, «ofizioz zein herritarren kexak bideratuz». Sei gomendio helarazi dizkio gaiarekin lotuta: 2011n egin zuen lehena, alkatetza hartu zuen urtean; iaz, hiru; eta aurten, beste bi. Orain arte egindako gomendioak betetzeko eskatu dio.

Ondorioak begi bistakoak dira, arartekoaren esanetan. Aurreiritziak ugaritu eta gizarte kohesioa ahuldu dela iritzi dio. «Eta are larriagoa dena: udalak ez ditu erabat betetzen eskubideak eta legedia. Erakunde batek ezin du erroldatzea ukatu egiaztapenekin zerikusirik ez duten kontuengatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.