Gizon batek indarkeria matxistagatik zigor bat jaso eta gero sexua aldatzen badu erregistro zibilean, horrek ez dio modurik emango zigorra indargabetzeko. Gizon batek, erregistro zibilean sexua aldatu eta gero genero indarkeriako delitutzat har daitekeen zerbait egiten badu, ezingo du zigor hori indargabetu sexua aldatu duela argudiatuta, baldin eta frogatzen bada lege iruzurra egin duela. Hala ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak.Â
Berez, Transen Berdintasun Erreal eta Efektiborako eta LGTBI Pertsonen Eskubideak Bermatzeko Espainiako Legean aurreikusi zuten halako kasuak gerta zitezkeela, eta 46.3 artikuluan aipatu zituzten. Zehaztu zutenenez, norbaitek erregistroan sexuari dagokion aipamena edo izena aldatuta ere, pertsona horri aurretik zegokion erregimen juridikoa ez da aldatuko genero indarkeriako delituak tartean direnean.
Helegitea Castellon
Castelloko (Valentzia, Herrialde Katalanak) zigor arloko epaitegi batek gizon bat zigortu zuen genero indarkeriako delitu bat egiteagatik emaztearen aurka eta etxeko indarkeriako delitu bat egiteagatik 8 urteko alabaren aurka: bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zion delitu bakoitzagatik. Gizona bikotekide ohiaren etxe ingurura joan zen 2022ko apirilean, alaba jasotzera, berarekin egotea zegokiolako. Alabari indar handiz heldu zion, eta min egin. Bikotekide ohia alaba babesten saiatu zen, eta gizonak ukabilkada bat eman zion gerrian. Kolpeak eman zizkion, eta harramazkak egin lepoan. Castelloko Probintzia Auzitegiak berretsi egin zuen zigorra.
Zigorra jaso eta gero, gizonak sexua aldatu zuen Castelloko erregistro zibilean, 2023ko ekainaren 1ean —apirilaren 24an egin zuen eskaera—. Kartzela zigorraren kontrako helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, eta helegitean erabili zuen argudioetako bat izan zen jada ez zela gizona, emakumea baizik, eta, beraz, ezin zutela indarkeria matxistagatik zigortu.
Espainiako Auzitegi Gorenak erantzun dio ezin dela sexu aldaketa erabili indarkeria matxistagatik jasotako zigor bat indargabetzeko, sexu aldaketak ez baitu atzerako eraginik, eta delitua gizona zela egin baitzuen. Gorenak gehitu duenez, sexua delitua egin baino lehenago aldatuta ere, horrek ez du biderik ematen indarkeria matxistagatik jasotako zigorrak indargabetzeko, baldin eta frogatzen bada zigortuak lege iruzurra egiteko aldatu duela sexua. Auzitegi horren arabera, sexua aldatze hutsak ez du esan nahi lege iruzurra egin nahi denik, eta lege iruzurraren frogek «bete-betekoak eta zalantzarik gabeak» izan behar dutela.
Zer da lege iruzurra? Pertsona batek zerbait egitea, ustez arau juridiko batek babestuta, beste arau batek debekatutako edo legediaren kontrako emaitza lortzeko.
Kasu bat Gipuzkoan
Gipuzkoan ezaguna izan zen halako kasu bat: gizon batek, ertzaina, sexua aldatu zuen erregistro zibilean, 2023ko azaroan, eta labana batekin mehatxu egin zion emazteari 2024ko abuztuan. Fiskaltzak, kasu hori genero indarkeriako delitu gisa ez epaitzeko arriskua zegoela ikusita, Donostiako 4. instrukzio epaitegiari eskatu zion kasuaren instrukzioa emakumeen kontrako indarkeriako epaitegi baten esku uzteko. Fiskaltzak argudiatu zuen litekeena zela ikertuak tratu txarrak eman izana emazteari sexua aldatu aurretik. Fiskaltzaren esanetan, sexua aldatu aurretik ere indarkeria psikologikoa erabiltzen zuen emaztearen aurka. Ertzaintzak ere indarkeria matxistako kasu gisa aztertu zuen.
Instrukzio epaitegiak aintzat hartu zuen fiskaltzaren eskaera. Bertako epailearen arabera, gizonaren sexu aldaketaren aurretik eta ondoren gertatutakoak «bikote dinamika beraren parte» dira. «Beraz», jarraitu zuen, «ezin da fikzioa egin eta batzuk eta besteak bereizi, bi pertsona eta harreman ezberdin izan balira bezala, erregistroan izena aldatze hutsak senar-emazte horien bizitzaren, bizikidetasunaren eta harremanaren errealitatea aldatuko balu bezala».