Sexu askatasuna bultzatzen duten kolektiboak saritu ditu Ehgam elkarteak

Loratuz Lotu, Anitzak, Lumagorri eta Sumin Trans taldeek jaso dute Urrezko Hirukia. Trans errealitateen errespetua, duintasuna eta despatologizazioa bermatzeko «adoreagatik, argitasunagatik eta konpromiso politikoagatik» saritu dituzte.

Irabazleak, Ehgam elkarteak banatutako Urrezko Hirukia saria jasotzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Irabazleak, Ehgam elkarteak banatutako Urrezko Hirukia saria jasotzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko ekainaren 27a
16:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Bihar LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna izango da. Hori dela eta, Ehgam elkarteak sariak banatu dizkie sexu askatasuna bultzatzen dutenei, eta baita bide horretan oztopo direnei ere. Mugimendua babesten duten kolektiboek jaso dute Urrezko Hirukia: Loratuz Lotu, Anitzak, Lumagorri eta Sumin Trans taldeek. Trans errealitateen errespetua, duintasuna eta despatologizazioa bermatzeko «adorea, argitasuna eta konpromiso politikoa» izateagatik egin diete aitortza. 

Badira kolektiboarentzat «kezkagarriak» diren hainbat gai, ordea: ebaluazio psikiatrikoak egiteko betebeharra, halakoak legez kanpokoak izan arren; jende lodiari kirurgiak ukatzea arrazoi estetikoengatik; herritar ez-binarioak hormona tratamenduetatik kanpo uztea; gizon transak estu hartzea histerektomiak egin ditzaten —uteroa kirurgikoki erauzi dezaten, erabat edo partez—, eta transen kolektiboak baztertu izana osasun arretako gida berria egitean. 

Osasun arreta «transinklusiboa, deszentralizatua eta kalitatezkoa» izan dadila eskatu dute, eta lehen mailako arretaren garrantzia nabarmendu.

Kolektibo transfoboek, berriz, Trapuzko Espartina saria jaso dute: Bilbon antolatutako jardunaldi transfobo batek irabazi du saria. Maiatzaren 10ean, TERFek «jomugan» jarri zituzten haur eta gazte transak, eta giza eskubiderik oinarrizkoenekin «bateraezinak» diren gorroto diskurtsoak sustatu. 

Bestalde, bihar mobilizatzera deitu dute Euskal Herriko hainbat eta hainbat taldek, eta manifestazioak antolatu dituzte han eta hemen. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak egingo dituzte, esaterako.

HEGOALDEKO HIRIBURUETAKO MOBILIZAZIOAK

  • Bilbo. 12:00etan, Casillatik.
  • Donostia. 18:30ean, Bulebarretik.
  • Gasteiz. 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazatik
  • Iruñea. 19:00etan, Baluartetik.

Instituzioen adierazpenak

Biharko nazioarteko eguna dela eta, erakundeek kolektiboa babesteko adierazpenak onartu dituzte, urtero bezala. Donostiako Udalak, esaterako, berretsi egin du sexu eta genero identitateari lotutako eskubideen, duintasunaren eta garapen askearen aldeko konpromisoa. Azpimarratu du pertsona guztiak aske direla eta eskubide berak dituztela jaiotzen direnetik, inolako bereizketarik gabe, eta berdintasuna eta askatasuna ezin direla negoziatu.

Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du funtsezkoa dela injustiziaren aurka ahotsa altxatzea eta, gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta aniztasunaren aldekoa eraikitzen laguntzea. «Ekintza kolektiboaren bidez bakarrik egin ahal izango dugu aurrera aldaketa erreal, sakon eta iraunkor baterantz, norbanakoaren konpromisotik hasi eta politika publikoetaraino», gehitu du.

Herritarrei dei egiten die ausardiaz jokatzeko eta gorroto diskurtsoak, edozein motatako indarkeria, diskriminazioa eta eskubideen urraketak salatzeko. Horrez gain, goretsi egin du LGTBI komunitatearen eskubideak aitortzeko eta defendatzeko borrokatu diren erakundeen eta norbanakoen lana, eta konpromisoa hartu du aurrerantzean ere gizartearen kontzientzia pizteko politikak eta jarrerak bultzatzeko, helburutzat edukita LGTBIfobia desagerraraztea.

Bestalde, Iruñeko Udalak ere adierazi du konpromiso «irmoa eta hautsezina» duela benetako berdintasuna egon dadin herritar guztien artean, sexu orientazioa, genero adierazpena eta sexu edo genero identitatea edozein izanik ere.

Hain zuzen ere, LGTBI kolektiboaren eskubideak «aktiboki eta irmo» defendatuko dituela adierazi du udalak. Politika publiko inklusiboak bultzatu eta indartu nahi dituzte, «gizartea bidezkoagoa, berdinagoa eta errespetuzkoagoa» izan dadin. Halaber, azaldu dute «lankidetza estuan» arituko direla Iruñeko LGTBI elkarte eta kolektiboekin, «komunitate pluralago eta kohesionatuago baten eraikuntza ikusarazteko». 

Herritarrek parte hartze aktiboa izateko ere eskatu du Iruñeko Udalak. Are, hori nola egin ere proposatu du: «LGTBI+ kolektiboaren harrotasuna eta eskubideak ospatzen dituzten jarduera, ekitaldi eta aldarrikapen guztietan errespetuaren, elkartasunaren eta bizikidetzaren kultura sustatuz».

Bilboko Udalak ere onartu du adierazpen bat. Gogorarazi dutenez, «ekainaren 28a ez da oroitzapenezko data bat bakarrik, ekintzarako premiazko dei bat baizik». Udalak berretsi du konprometituta dagoela giza eskubideekin, eta herritar guztiak deitu ditu «ausardiaz jokatzera, gorroto diskurtsoak izaten direnean isilik ez egotera eta edozein indarkeria, diskriminazio edo eskubide urraketa salatzera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.