Santurtzin (Bizkaia) sexu eraso bat egin diotela salatu du 19 urteko neska batek. Astelehen goizaldean izan zen erasoa, eta Ertzaintzak handik ordu gutxira atxilotu zuen ustezko erasotzailea: 30 urteko gizon bat. Egun hartan bertan eraman zuten epailearen aurrera, baina, ikerketa argitu artean, behin-behinean aske utzi du Barakaldoko Instantzia Auzitegiak. Hori bai, «kautelazko neurriak» ezarri dizkiote: egunero joan beharko du auzitegira, eta debekatua du biktimarengana gerturatzea eta harekin hitz egitea.
Santurtziko Udalak herenegun izan zuen sexu erasoaren berri, eta gaur jakinarazi du, prentsa ohar baten bidez. «Indarkeria matxistari aurre egiteko ezinbestekoa da berdintasunaren alde egiten jarraitzea, baita genero rolen eraldaketa sakon bat sustatzea ere», adierazi du komunikatuan. Erasoa gaitzetsi eta salatzeko, hain justu, udalak elkarretaratze batera deitu du biharko: 12:00etan egingo dute, udaletxearen aurrean.