Sexu erasoen zigorrak igo nahi ditu PSOEk bortxa edo larderia dagoen kasuetan

Sozialistek beren kabuz aurkeztu dute 'soilik baietz da baietz' legea aldatzeko proposamena Kongresuan. Zigor tarteak moldatuko dituzte, abusu delitua berreskuratu gabe

Andrea Fernandez PSOEko Berdintasun idazkaria eta Patxi Lopez bozeramailea, atzo, Kongresuan. DANIEL GONZALEZ / EFE.
Maite Asensio Lozano.
2023ko otsailaren 07a
00:00
Entzun
Soilik baietz da baietz legea aldatzeko prozesua abiatu du PSOEk bere kabuz, Unidas Podemoseko gobernu bazkideen eta Berdintasun Ministerioaren adostasunik gabe. Sexu askatasunari buruzko araua aldatzeko lege proposamena erregistratu zuten atzo sozialistek Espainiako Kongresuan. Testuak ez du berreskuratu abusuen eta erasoen arteko bereizketa; ez du ezabatu emakumeen onespenaren ideia, eta zigor tarteak zabaltzea eta igotzea proposatu du. Funtsean, sarketarik gabeko erasoen zigor tartea luzatu egin dute, eta bortxaketen gutxieneko zigorrak handitu, halakoetan kondena handiagoak ezarri ahal izateko eta, beraz, zigor horiek murriztea eragozteko. Horretarako, bortizkeriaren eta larderiaren baldintzak berreskuratu dituzte.

Iazko urritik Hego Euskal Herrian indarrean den legearen arabera, sexu eraso dira «beste pertsona baten sexu askatasunaren aurka haren onespenik gabe egiten diren jardun guztiak»; erasoen definizioan bertan aipatzen da indarkeria, larderia edo nagusitasuna erabiltzea, baita biktimaren borondatea baliogabetzea ere. Printzipio horien gainean ezartzen dira zigorrak, kontuan hartuta erasoan sarketarik izan den ala ez, eta larrigarririk dagoen.

PSOEk proposatu duen erreforman, egungo zigor tarteei mailaketa bat erantsiko diete, indarkeria edo larderia erabiltzen den edo biktimaren borondatea baliogabetzen den kasuetarako; asmoa da «zigor esparrua egokitzea, arauak adieraz dezan jokabide batzuk larriagoak direla», proposamenaren testuak dioenez. Hortaz, sarketarik gabeko erasoetan, zigorra urtebete eta lau urte artekoa izango da, orain bezala; baina indarkeria, larderia edo borondate baliogabetzea baldin badago, zigorra urtebete eta bost urte artekoa izango da —aurreko Zigor Kodeak jasotzen zuen bezala—. Sarketarik denean, hau da, bortxaketetan, berdin: indarkeria, larderia edo borondate baliogabetzea baldin badago, zigor handiagoak ezarri ahalko dira.

Tentsioa gobernuan

Patxi Lopez PSOEren Kongresuko bozeramailearen arabera, proposamenaren xedea da «lege on» baten «nahi gabeko ondorioak zuzentzea», eta zigor murrizketek eragin duten «alarma soziala» apaltzea. Justizia Ministerioaren arabera, gainera, epaileen interpretazio tartea txikituko du erreformak. Berdintasun Ministerioak, ordea, deitoratu egin du PSOEk bere kabuz jardun izana eta PPren «proposamen bera aurkeztu» izana. Horren inguruan, Lopezek adierazi du ez dutela inorekin negoziatu gobernu koaliziotik kanpo, «eta are gutxiago eskuinarekin». C's-ek, ordea, babesa agertu dio sozialisten legeari, eta PPk ere bai, zeharka bada ere.

Proposamena «urgentziaz» tramitatu nahi du PSOEk. Halere, ez dio uko egin Unidas Podemosekin akordio batera iristeari, batez ere aurki zuzenketak egiteko epea zabaltzen denean. Espainiako Gobernuaren barruan eztabaida handiak eragiten ari da lege aldaketa, baina, bi aldeek adierazi dutenez, gobernu koalizioa ez dago arriskuan.

Edonola ere, legearen inguruko «nahasmena» gaitzetsi dute feministek. Berrogei talde inguruk sinatutako manifestu batean —Euskal Herriko batzuek ere sinatu dute—, salatu dute legearen aurkako «erasoek alarma soziala eragin» dutela: «Sexu bortizkeriei aurre egiteko funtsezkoa den lege baten arbuioa ekarri dute». Onespenaren kontzeptua babestu dute, «mugimendu feministaren aldarrikapenen isla» delakoan. «Zigorrak handitzeak ez gaitu inoiz babestu. Emakumeak eraginkortasunez babesteko, legean jasotako neurriak jarri behar dira martxan».

Sanferminetakoari, ezetza

Zigorra apaltzeko eskatua duten erasotzaileen artean daude 2016ko sanferminetan emakume bat taldean bortxatu zutenak. Nafarroako Probintzia Auzitegiak kondena murriztea ukatu dio haietako bati; hamabost urtetik hamahiru urte eta bederatzi hilabetera jaisteko eskatua zuen, baina epaitegiak ez du onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.