Sexu indarkeria desagerrarazteko gizon gazteak inplikatu behar direla ondorioztatu dute ikerketa batean, Nafarroan

Ikerketan oinarrituta, prebentzio ekintzak bultzatu nahi dituzte Nafarroako Berdintasun Institutuak eta Gazteria Institutuak. Funtsezkoa iruditzen zaie ulertzea zer-nolako garrantzia duen maskulinitateak gizon gazteen bizitzan.

Txema Burgaleta Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendaria, Ruth Iturbide ikerketaren koordinatzailea eta NUPeko irakaslea, eta Patricia Abad Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendaria. NAFARROAKO GOBERNUA
Txema Burgaleta Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendaria, Ruth Iturbide ikerketaren koordinatzaile eta NUPeko irakaslea, eta Patricia Abad Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendaria. NAFARROAKO GOBERNUA
jakes goikoetxea
2026ko urriaren 22a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako datuen arabera, 18 eta 29 urte arteko gizonek egiten dituzte hamar sexu erasotik bi. Gero eta gehiago dira, gainera, 17 urtetik beherako mutilek egiten dituzten sexu erasoak. Hamar kasutik bederatzitan emakumeak erasotzailea ezagutzen du. Ikerketa batean ondorioztatu dute gizon gazteekin lan berezitua egin behar dela eta inplikatu egin behar direla sexu erasoak desagerrarazteko.

NGI Nafarroako Berdintasun Institutuak eta Nabi Nafarroako Gazteria Institutuak bultzatu eta babestu dute ikerketa. Ruth Iturbide NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak koordinatu du, eta Ander Magallonek, Leonor Canalsek, Lucia Perezek eta Nayaded Labbek egin dute. Gaur aurkeztu dute.

Bi institutu horiek halako lanak bultzatzen ari dira, politika publikoak ezagutza zientifikoan oinarritzeko. Ikerketa honi dagokionez, «gazteei egokitutako sentsibilizazio ekintza eraginkorrak» egin nahi dituzte, sexu indarkeria prebenitzeko. Iaz emakume gazteen kontrako sexu indarkeriari buruzko ikerketa bat aurkeztu zuten, eta sexu indarkeria jasaten duten emakumeen bizipenetan sakondu. Oraingoan, ordea, gizon gazteen bizipenak, maskulinitateari buruz duten iritzia, boterea, oniritzia, sare sozialak eta gizonen eta emakumeen arteko harremanak aztertu dituzte.

Maskulinitate ereduen azterketa kritikoa

Aurkezpenean nabarmendu dute sexu indarkeriaren ertz guztiak ulertu behar direla, eta esku hartu behar dela ez bakarrik haren ondorioetan, baita sexu indarkeriari bide ematen dioten baldintzetan ere. «Emakumeei entzun behar diegu, eta haien premiei erantzun», azaldu dute, «baina, aldi berean, maskulinitate ereduen azterketa kritikoa egin behar dugu, eta gizon gazteak inplikatuko dituzten prebentzio estrategiak bultzatu».

Horretarako, aztertzaileen arabera, funtsezkoa da ulertzea zer-nolako garrantzia duen maskulinitateak gizon gazteen bizitzan. Ohartarazi dute gero eta zabalduago daudela feministen kontrako eta matxismoaren aldeko mezuak, batez ere eremu digitalean. 

Aurrena, banaka

Ikertzaileek zenbait proposamen egin dituzte: hasteko, sexu indarkeriari buruzko datuak izatea eta lantzea, arazoaren neurria eta testuingurua izateko; legeak aldatzea eta arreta gizonengan jartzea; erakundeen eta eragileen arteko koordinazioa; eta heziketa afektibo-sexuala indartzea, baita emakumeen kontrako indarkeriari buruzkoa ere.

Proposamen zehatzei dagokienez, proposatu dute, besteak beste, eztabaidarako eta gogoetarako guneak sortzea gizonentzat, eta sare sozialen sarbidea eta erabilera kontrolatzea. Hori bai, uste dute nerabeekin taldean lan egin aurretik hobe dela banaka lan egitea, «bakarrik daudenean gazteak gogoetatsuagoak eta zintzoagoak» direlako; taldeak, ordea, «mezu eta jokabide hegemonikoagoak indartzen ditu». Beste gomendio bat: indarkeria pertsona «gaiztoen» arazo gisa ez lantzea, «guztiek erreproduzitzen dituzten egitura sozialen ondorio gisa baizik».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA