Mauleko Chaumes gasnategiko langile ohi bat epaitu zuten atzo, Paueko auzitegian (Okzitania): orotara, sei emaztek salaketak jarriak dituzte haren kontra, sexu jazarpenagatik eta jazarpen moragatik. Gibelapenezko bi urteko kartzela zigorra galdegin du fiskaltzak, baita biktimengandik urrun egoteko agindua ezartzea ere. Deliberoa apirilaren 30ean jakinaraziko dute.
Sei emazteetarik bost Mauleko Chaumes gasnategiko lankideak zituen erasotzaileak, eta seigarrena, berriz, Iratiko etxoletako lankidea. Hain zuzen ere, Chaumes gasnategian oraino lanean ari zela, barne mailako ikerketa egin, eta zuzendaritzak gizona kanporatu zuen; garai hartan, hango langilea izateaz gain, CGTko ordezkari sindikala ere bazen.
Iratiko etxoletan lan egin zuen gero: handik ere «joatea galdegin zitzaion», sostengu taldeko militanteek adierazi zutenez.
Erraterako, Zuberoako Feministek bultzaturik, sostengu sare zabala osatua izan da sei biktimen inguruan.