Sinadura bilketa bat abiatuko du Luberrik, Bilboko Konpartsetan sartzeko eskubidea aldarrikatzeko

Hirugarren urtez Bilboko Aste Nagusitik kanpo utzi dituztela salatu dute, eta ezker abertzaleari egotzi diote egoeraren «blokeoa».

Luberriko kideen agerraldia, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Luberriko kideen agerraldia, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko maiatzaren 26a
15:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Konpartsak federazioan sartzeko eskaera egin du aurten berriro Luberrik, baina ezezkoa jaso du. «Blokeoari» aurre egiteko, sinadura bilketa bat abiatuko du, Bilboko Konpartsetan normaltasunez parte hartzeko eskubidea aitor diezaioten. «Luberri baztertzeak Bilboko Konpartsen izaera plurala eta parte hartzailea kolokan jartzen du», adierazi dute gaur konpartsako kideek, Bilbon egindako agerraldi batean.

Duela hiru urte galdegin zuen Luberrik lehenbizikoz konpartsetan sartzea, «beste edozein herri eragileren helburu berdinarekin», hau da, Bilboko Aste Nagusia antolatzea eta beren ekarpena egitea. Baina Luberrik salatu du aurten ere «kanpoan utzi» dutela, «hilabeteetan zehar federazioari egoera bideratzeko eta elkarrizketa sustatzeko proposamen zehatzak helarazi arren». Aurreko ezezkoak jasotzean bezala, ezker abertzaleari egotzi diote «blokeo» egoera hori: «Jaietatik kanpoko interes politikoak lehenetsi eta hasieratik Luberriren aurkako betoa sustatu du, Luberrik Mugimendu Sozialistarekin duen harremana dela eta».

Konpartsako kideek azaldu dute ezezkoak jaso arren jaietan ekarpena egiten jarraitu dutela, eta horrela frogatu dutela «jaiak aberasten» dituztela eta «beste konpartsekin elkarlanean aritzeko gaitasuna» dutela. Era berean, nabarmendu dute jende gehiena «konponbide baten alde» dagoela, eta horren adibide jarri ditu konpartsa batzuen babesa, baita hainbat eragilek eta kulturgilek adierazitako babesa ere. Hala, sinadurak bilduz beste pauso bat egin nahi dute, konpartsen federazioan sartzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko. «Egoera hau luzatzeak Bilboko jai herrikoiei kalte baino ez die egiten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA