Aurten ere txosnetatik kanpo utzi dituztela salatu dute Gasteizko GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Bilboko Luberri konpartsak; eta berriro ere kulturgile ugari batu zaizkie, «beto zentzugabe» horri behingoz irtenbidea ematea eskatzeko. Duela bi urte, 150 artistak eta musika taldek izenpetu zuten gutun bat, eta «konponbidea» eskatu. Aurten, 43k abiatu dute ekimena Bada garaia, artistok denontzako jaien alde lelopean, «egoerak konpondu gabe jarraitzen duelako». Adierazi dutenez, «nork bere izaera eta aldarriekin, jaiek gozatzeko eta ospatzeko lekuak izan beharko lukete, berdintasunean eta diskriminaziorik gabe».
«Badira urte batzuk Bilbon Luberri konpartsari eta Gasteizen GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari txosnetan normaltasunez parte hartzeko aukera ukatzen zaiela». Hitz horiekin hasi du gaurko prentsaurrekoa Javier Jorajuria J Martina taldeko musikariak. Gasteizen, joan den ostegunean egin zuten agerraldia Mugimendu Sozialistako eragileek, txosnetatik kanpo utzi dituztela salatzeko. Gaur, berriz, beste urrats bat egin dute berrogei kulturgilek baino gehiagok: Bada Garaia ekimena aurkeztu dute, Bilboko San Frantzisko auzoko udaltegian.
Jorajuriaren arabera, «jai herrikoien parte izateak herri erakunde guztien eskubidea izan beharko luke». Horregatik sortu dute Bada Garaia ekimena: «Gu ere jaien parte garelako eta kezkaz bizi dugulako Bilboko Konpartsetan eta Gasteizko Txosna Batzordean eragile hauei ezartzen zaien debekua». Are, musikari nafarrak nabarmendu duenez, «ulertezina» zaie bi hiriburuetako egoera, eta horri behingoz irtenbide bat emateko eskatu du. «Nork bere izaera eta aldarriekin, jaiek gozatzeko eta ospatzeko lekua izan beharko lukete, berdintasunean eta diskriminaziorik gabe», gehitu du J Martina taldekoak.
«Gu ere jaien parte gara eta kezkaz bizi dugu Bilboko Konpartsetan eta Gasteizko Txosna Batzordean eragile hauei ezartzen zaien debekua»
JAVIER JORAJURIA J Martina musika taldeko kidea
Bergarako (Gipuzkoa) txosnei buruz, ordea, ez dute ezertxo ere aipatu gaurko prentsaurrekoan. Duela bi aste, Debagoieneko GKSk deituta, elkarretaratzea egin zuten han. Bertan, azaldu zuten herriko plazan obrak egiten ari direla-eta udalak —EH Bilduren eskuetan— Oxirondora lekualdatu duela txosnagunea, eta salatu oraindik ez dutela bertan egoteko baimenik jaso —maiatzaren 22tik 26ra arte dira Pentekoste jaiak—. Agerraldian salatu zuten, halaber, udalak «interes alderdikoien arabera» erabiltzen dituela baliabide publikoak, eta esan zuten «oztopoak oztopo» lanean jarraituko dutela: «Txosna izango dugun arren, borrokan jarraituko dugu guztiontzako txosnagunea izan arte».
Kantua eta bideoklipa
Jorajuriarekin batera, Maixa abeslariak parte hartu du Bilboko agerraldian. Izan ere, hark ondu du Bada Garaia ekimena abiatzeko erabili duten kantua, Mirua eta Malakias musika taldeekin eta Kiliki musikariarekin batera. Hain zuzen, ekimen horrek orain arte lortutako babesa nabarmendu nahi izan du Maixak: «Kantuari ahotsa guk jarri badiogu ere, denontzako jai herrikoien aldeko ekimen honekin bat egin duten dozenaka artistaren indarra eta babesa dago haren atzean».
Kanta horren bideoklipa ere gaur aurkeztu dute, eta artista ugarik parte hartu dute: 43k, guztira. Haien artean dira «belaunaldi helduago bateko» hainbat kulturgile: Anje Duhalde, Josu Zabala, Bernardo Atxaga, Gari eta Roberto Moso, tartean. Eta «belaunaldi berrietako» beste hainbat ere bai: Neomak, Anton Telleria, Beñat Herdoil, Euskoprincess eta Borla, besteak beste. Bideoklipa ere gaur aurkeztu dute, eta lotura honetan ikus daiteke: labur.eus/badagaraia
«Egunerokoan injustizien kontra lanean ari diren kolektibo herritar guztiek lekua izan behar dute jaietan, baita Luberrik, GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak ere»
MAIXA Musikaria
Maixaren arabera, kantuarekin adierazi nahi izan dute «jai herrikoiak bultzatzeko denon parte hartzea ezinbestekoa dela»: «Egunerokoan injustizien kontra lanean ari diren kolektibo herritar guztiek lekua izan behar dute jaietan, baita Luberrik, GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak ere», aldarrikatu du.
Hurrengo pausoak
Udako jaietan kantua txosnaguneetan «ozen entzutea» espero dute Bada Garaia ekimenaren sustatzaileek, «beto zentzugabe honi irtenbide bat ematea eskatzen dugun guztion oihu bezala».
Jorajuriak eta Maixak aurreratu dutenez, datozen asteetan babesa eman duten beste hainbat artistaren izenak plazaratuz joango dira, zenbait formatu erabiliz. Horrekin batera, ekainaren 4an jaialdi bat egingo dute Bilboko Kafe Antzokian. Bertan, kantua zuzenean estreinakoz jotzeaz gain, Bada Garaia ekimenarekin bat egin duten kulturgile guztien izenak jakinaraziko dituzte.