Sinadura bilketa bat hasi dute Sumarren eta Ahal Dugu-ren arteko akordio bat eskatzeko

Sinatzaileek «kezka» adierazi dute hausturak esparru politikoan izan ditzakeen eraginengatik.

(ID_13559080) ESPAÑA ELECCIONES PODEMOS
Miren Gorrotxategi, Ahal Dugu-k haren hautagaitza aurkeztu zuen ekitaldian. ADRIAN RUIZ HIERRO/EFE
Iosu Alberdi.
2024ko otsailaren 15a
12:30
Entzun

Ahal Dugu-ko eta Sumarreko arduradun politikoen hitzek agerian utzi dute bi aldeen arteko negoziazioak etenda daudela, eta ia ezinezkoa dirudiela zerrenda bateratu bat osatzeak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako. Ahal Dugu, Sumar Mugimendua, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak alderdietako 50 kide eta jarraitzaile inguruk, baina, ez dute bat egiten jarrera horrekin, eta sinadura bilketa bat sustatu dute, akordio baten alde «presio» egiteko.

Sustatzaileen artean daude Equoko, Ezker Anitza-IUko, Sumarreko zein Ahal Dugu-ko militanteak; tartean, kargu publikoak izandako zenbait lagun. Era berean, besteak beste, Ekaitz Cancela ikertzaile eta kazetariak, Imanol Zubero EHUko irakasleak, Begirune fundazioko kide Andrea Ruizek eta Sabin Zubiri ekintzaileak ere bat egin dute proposamenarekin.

Esparru politikoaren «banaketak kezkatutako jende» talde batek egin zuen deia, sare sozialen bidez, batasunaren aldeko aldarria eginez, eta horri aurrez aurreko bilera batekin eman zioten jarraipena atzo iluntzean, Bilbon. Azaldu dutenez, taldearen helburua da «barne desadostasunak gainditu eta euskal herritarren alternatiba politiko indartsu eta koherente bat eskaintzeko lan egitea».

Ohar bidez adierazi dutenez, eskaerarekin bat egin dutenak «balio eta programa berdinzale, ekologista, feminista, bakezale, federalista eta internazionalista» berak dituzten euskal herritarrak dira, zeinak «kezka» azaldu duten alderdiek «aspalditik elkarbanatu duten espazio politiko bateratuan» eragindako «haustura» egoerarekin. «Aliantza hori hautsita, ahuldu egiten dira Euskadirako gure proposamen sozial eta ekonomikoak bultzatzeko aukerak». Izan ere, azken asteetan argitaratutako inkesten arabera, esparru horrek behera egingo luke boto eta eserleku kopuruan.

Horren aurrean, lau alderdiei eskatu diete berriz ere elkartzeko, egoera bideratu dezaketen «bideratzaileekin» batera, eta elkarrizketa horietan «eskuzabaltasunez eta errealismoz» aritzeko. Izan ere, uste dute «oraindik garaiz» daudela egoera irauli eta akordio baterako urratsak egiteko, eta ate horri zabalik eusteko eskatu diete alderdiei: «Hauteskundeetara ez dute deitu, eta, behin deituta ere, oraindik egun batzuk geratuko dira koalizioak egiteko».

Ez dirudi erraza, baina, halako aldaketa batek. Sumar Mugimenduak, Ezker Anitza-IUk eta Equok hauteskundeei begirako aurreakordio bat sinatu zuten hilabete hasieran, eta hartatik kanpo geratu zen Ahal Dugu. Ordutik, bateko eta besteko bozeramaileek adierazi dute «ia ezinezko» ikusten dutela bi aldeen arteko akordio bat osatzea, nahiz eta ez duten aukera guztiz itxitzat jo nahi. Aldaketarik ezean, Sumarren lehendakarigaia Alba Garcia izango da Eusko Legebiltzarrerako bozetan, eta Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosena. Izan ere, alderdi moreak azken urteetan erabilitako markari eutsiko dio, eta Aliantza Berdea alderdiarekin eta gizarte zibileko kideekin hitz egiten ari da hura osatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.