Politika

Sinatu dute EAJk eta PSOEk Espainiako aurrekontuei buruzko akordioa

Modu horretara, etzi onartuko dira Espainiako Gobernuaren 2009ko kontuak. Ertzainek 60 urterekin aurrejubilatzeko aukera izango dute, eta Jaurlaritzak Ikerketa-Garapena-Berrikuntzan urtero 86,8 milioi euro jasoko ditu.

2008ko urriaren 21a
14:26
Entzun
Ostiralean lortu zuten EAJk eta PSOEk Espainiako 2009ko aurrekontuei buruzko oinarrizko akordioa, asteburuan hizketan segitu dute, eta gaur sinatu dute hitzarmena. Horren arabera, EAEk urtero 126 milioi euroren balioko eskumenak jasoko ditu. "Akordio ona da Euskadirentzat, baina baita [Espainiako] Estatuko administrazio guztientzat", iritzi dio Josu Erkoreka EAJko bozeramaileak.

Akordioak lau puntu nagusi ditu. Batetik, ertzainek 60 urterekin aurrejubilatzeko aukera edukiko dute; Espainiako Poliziako araudia hartu dute erreferentzia. Horrek urtero 30 milioi euroko kostua izango du, Jose Antonio Alonso PSOEren bozeramaileak esan duenez. "Espainiako Poliziaren eta Ertzaintzaren artean arlo horretan zegoen desberdintasuna bukatuko da hala", adierazi du Alonsok.

Ikerketa-Garapena-Berrikuntzaren eskumena jasoko du Eusko Jaurlaritzak, eta horrek urtero 86,8 milioi euroko kostua suposatuko dio Espainiako Gobernuari.

Beste bi puntuak: Pasaiako (Gipuzkoa) kanpoko portu berria egiteko bederatzi milioi euroko diru poltsa eta telefono mugikorren frekuentzia berriaren eskumaren zati bat Jaurlaritzak izatea.

Modu horretara, EAJko sei diputatuek Gobernuaren aurrekontuen alde bozkatuko dute etzi -BNGko bik ere bai-, eta, beraz, PSOEk aurrera aterako ditu 2009ko kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.