Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko fiskalari idatzi bat aurkeztu dio Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Aldeko Euskal Plataformak. Espainiak Memoria Historikoaren Legea orain dela zazpi urte onartu zuen arren, plataformako kideek salatu dute legearen puntu batzuk ez direla betetzen. Ikertzeko eta ekiteko eskatu diote fiskalari.
Memoria Historikoaren Legeak jasotzen zuen, besteak beste, frankismoaren sinboloak ezabatzeko betekizuna. Plataformako kideen esanetan, puntu hori ez da bete hainbat kasutan. Joan den ekainaren 12an Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiarekin elkartu ziren plataformako kideak. Gai horri buruzko ezinegona aurkeztu zioten, eta Kalparsorok erantzun zien fiskaltzak badituela eskumenak halako auzietan esku hartzeko. Legeek zehaztutakoaren gainean idatzi bat aurkeztuz gero ikerketa abiatzeko prest legokeela adierazi zuen fiskalak, plataformako kideen esanetan.
Hortaz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oraindik orain agerian diren sinbolo frankisten zerrenda bat osatu du plataformak, bere garaian Eudel Euskal Udalen Elkarteak auzi horri buruz egin zuen lana ere baliatuz. Orain fiskaltzak ikerketa hasiko duen itxaropena dute plataformako kideek.
Gernika-Lumo, Gaza
Hain justu, atzo bete ziren 78 urte gerra hasi zenetik, 1936ko uztailaren 18an hasi baitzen estatu kolpea. Ahaztuak 1936-1977 elkarteak elkarretaratzea egin zuen Bilbon, Plaza Eliptikoan. Frankismo garaiko sinbologia behingoz kentzeko eskatu zuten ekitaldi horretan ere. Ogasuneko eraikinaren aurrean egin zuten protesta, frankismo aldiko ikur bat duelako eraikin horrek goialdean. «Urtez urte salatzen dugu ikur hori hor dagoela oraindik, eta erakundeek erabateko pasibotasunarekin jarraitzen dute, nahiz eta esaten duten demokratikoak direla eta frankismoko biktimen alde daudela», ohartarazi dute.
Ez zen hori izan atzoko ekitaldi bakarra. Gernika-Lumon, Bizkaian, 1936ko estatu kolpea gaitzesteko ekitaldi bat egin zuten. Baina Palestinan azken egunetan izaten ari diren bonbardatzeak, erasoak eta inbasioak ere izan zituzten gogoan. Askapenak eta Ahaztuak 1936-1977 taldeek elkarrekin antolatu zuten ekitaldia, eta Gernikako 1936ko bonbardaketa eta Gazako egunotakoak lotu zituzten. «Mozorro frankista edo sionista izan, atzo edo gaur, Gernikan eta Gazan, borrokarekin eta antolaketarekin aurre egiten zaio faxismoari», nabarmendu zuten ekitaldian.
Gaur, berriz, Iruñeko Rodezno kondearen plazan egingo dute elkarretaratzea, 12:00etan, Nafarroako memoriaren aldeko herrien arteko koordinakundeak antolatuta. Iruñeko eta Tuterako artzapezpikua salatuko dute, Hildakoen Monumentuko kriptan faxisten aldeko ekitaldiak egiten uzteagatik.
Sinbolo frankisten legea betetzeko eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu