Sindikatuek baliabide gehiago galdegin dituzte EHUrako

LAB, Steilas, ELA eta CGT-LKN sindikatuek deituta, ordubeteko lanuztea egin dute gaur Leioako campusean. Asteon beste hiru lanuzte egingo dituzte gainerako campusetan.

EHUko langileen protesta, gaur goizean, Leioako campusean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
EHUko langileen protesta, gaur goizean, Leioako campusean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko abenduaren 1a
16:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHU Euskal Herriko Unibertsitatea gutxiegi finantzatuta dagoela salatzea eta baliabide gehiago eskatzea. Bi helburu horiek hartuta, ordubeteko lanuztea egin dute gaur Leioako campusean, LAB, Steilas, ELA eta CGT-LKN sindikatuek deituta. Protestek ez dute etenik izango asteon: bihar, Donostiako campusean egingo dituzte lanuzteak eta protestak; etzi, Gasteizko campusean; eta ostegunean, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritzaren aurrean.

Sindikatuen arabera, 2026ko aurrekontuak ixtear dauden honetan, «ezinbestekoa» da nabarmentzea EHUk baliabide gutxiegi jasotzen dituela; finantzaketa beharrak asetzetik «oso urrun» daudela diote: «Azaroaren 20an EHUko klaustroak unibertsitate publikoaren azpifinantzaketa salatu zuen, eta nabarmen igotzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari». Sindikatuen esanetan, «unibertsitate publikoarekiko utzikeria interesatua» dago, eta horrek ez du modurik ematen EHUk dituen gabezia endemikoei aurre egiteko.

Xehe azaldu dute egoera. Sindikatuen esanetan, irakasle ikertzaileen kasuan, 2008tik %24,3ko galera izan dute, KPIren igoera dela eta. Salatu dute «prekaritate egoera lazgarriak» bizi dituztela. Bereziki aipatu dute ordezkoak jardunaldi osoan kontratatzeko aukera zabaldu dutela orain, baina jardunaldi partzialean dihardutenek 400-800 euro kobratzen dituztela oraindik orain eta ez dizkietela egindako zenbait lan aitortzen. Horrek ondorioak dituela diote: «Horrek guztiak ez du lanbide hau erakargarria egiten, eta gero eta irakasle lanpostu gehiago geratzen dira hutsik».

Tekazel Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileei dagokienez, erosahalmenean azken hamabost urteetan %18,2ko galera izan dutela diote. Gainera, haien esanetan, zerbitzu edota unitate askok langile gehiago behar dituztenez, gero eta zailagoa da ordezkapenak betetzea. «Garrantzitsua da kolektibo honi ere soldata eta lan baldintza duinak bermatzea».

Eskea errektoretzari

Horregatik guztiagatik, EHUrako «beharrezkoa den finantzaketa» lortzeko jarrera irmoa eskatu diote EHUko errektoretza taldeari: «EHUko zuzendaritzaren ardura da jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitate publikoaren beharrei erantzuten dien finantzaketa kemenez defendatzea Jaurlaritzaren aurrean». Jaurlaritzak agindutako finantzaketa urriegia dela sarri esan du Joxerramon Bengoetxea errektoreak berak, eta EHUk eta Jaurlaritzak gai honen inguruan duten desadostasuna albiste iturri izan da asteotan. Azaro hasieran hasi zen gaiztotzen erlazioa, gobernuak aurrekontu proiektua argitara eman ondoren. Presazko agerraldi batean, errektoreak salatu zuen gobernuak ataka zailean utziko zuela unibertsitatea iragarritako aurrekontuen ondorioz: «Geldialdia ekarriko dute». Ondoren, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek erantzuna eman zion Aieruak blogean: esan zuen «dialektika hiperbolikoak» ez zuela hobetuko erakundearen finantzaketa. 

Harremanak baretzeko keinuak egin ziren, baina berriz piztu zen sua lehengo astean; sailburuak agerraldi bat egin zuen Eusko Legebiltzarrean, eta errektoreari egotzi zion informazioa «osorik» ez ematea eta «datu okerrak» zabaltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.