Asebete du Enplegu Publikoaren Legearen erreformak. Gaur onartu dute EAJren egitasmoa, EH Bildu abstenituta, eta, bi alderdi horiez landa, eragile gehienak kritiko agertu dira legearen bertsio berriarekin. Azken orduetan, sindikatuek gogor kritikatu dute egitasmoa, alde batetik zein bestetik. ELAren arabera, «euskararen diskriminazioa betikotzea» dakar lege erreformak, eta EH Bildu seinalatu du horren erantzule zuzen gisa, abstenituta EAJri hori egiteko aukera emateagatik.
Sindikatuaren ustez, euskarak gaur egun «egiturazko diskriminazioa» pairatzen du administrazio publikoan, gaztelania delako «exijentzia orokortua» eta euskara, berriz, «salbuespena». EAJren lege proposamenak egoera hori «bere horretan» uzten duela uste dute ELAkoek, eta «aukera estrategiko» bat alferrik galdu dela. «Alderdi politiko eta sindikatu euskarafoboek beren helburu nagusia lortu dute: gaztelaniaren nagusitasun inposatua mantentzea», deitoratu du ELAk.
Sindikatuak iragarri du jarraituko dutela «bi hizkuntza ofizialak parekatzeko aldarrikapenak» egiten eta alderdi politikoei «euskaldunak diskriminatuko ez dituen legezko egitura bat» sortzeko presio egiten. Beste horrenbeste adierazi zuen LAB sindikatuak atzo. EAEko bigarren sindikatuak ere kritikatu zuen lege erreforma, tonu epelagoan egin badu ere. LABen ustez, ez da «garaiak eskatzen zuen lege aldaketa», baina orain arteko egoerari eustea ere ez zen aukera bat, eta ikusteko dago erreformak efekturik izango ote duen.
Sindikatu abertzaleak EAJ jarri du kritiken ituan. «EAJk ez du onartu nahi izan administrazio publikorako sarbidean bi hizkuntza ofizialen eskakizuna derrigorrez eskatzea», deitoratu dute ohar bidez sindikatukoek. Bi hizkuntza ofizialek «estatus berbera» izan dezaten borrokan jarraituko dutela hitzeman du LABek.
«Kontsentsu linguistikoen haustura»
Aferaren kontrako muturrean, CCOO sindikatuak ere deitoratu du lege erreforma ―sindikatu hori sarri agertu da euskara eskakizunen aurka―, kontrako arrazoiengatik, ordea. «Kontsentsu linguistikoen haustura burutu» da erreforma honekin, sindikatuaren arabera, eta 1982ko legea sostengatu zuten alderdien eta gaurko erreforma babestu dutenen arteko aldea aurkeztu du horren frogatzat. CCOOren iritziz, EAJk «akritikoki bere egin ditu» lege erreforma honetan EH Bilduren tesiak. Bi alderdiek hizkuntza eskakizunen derrigorrezko indizeak «desagerraraztea» dute helburu lege berria onartuta, CCOOren ustez, eta hala «progresibitate eta proportzionaltasun printzipioak» ere hausten direla deitoratu dute.
Gainera, neurriak ez du «finkatutako helburua» betetzen, lan eskaintza publikoei segurtasun juridikoa eskaintzea, alegia. CCOOren aburuz, hizkuntza eskakizunak tokiko erakundeen esku uzteak «lege arazo berriak» sortuko ditu. Euskarari bultzada eman bai, baina «inor atzean utzi gabe», orain arteko leloa errepikatu du sindikatuak, eta euskara ikasteko baliabide publiko gehiago eskatu ditu.
Bengoetxea, erreformaren defentsan
Kritika horien aurrean, Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea, Ibone Bengoetxea, izan da lege erreformaren alde mintzatu den ahots bakanetakoa. Bengoetxearen ustez, erreforma «positiboa» da, ezarritako helburuak betetzen baititu: segurtasun juridiko handiagoa eskaintzen du, hizkuntza eskakizunak handitu gabe. Jaurlaritzak, beraz, lege erreformaren efektua sindikatuek uste dutenaren kontrakoa dela pentsatzen du.
Hain zuzen ere, legeak proportzionaltasun printzipioa urratzen duela ukatu du lehendakariordeak. Bengoetxearen hitzetan, «onartutako testuak hizkuntza irizpideak aplikatzeko proportzionaltasun printzipioa jasotzen du, eta, aldi berean, eskatutako hizkuntza eskakizuna hasieran egiaztatzen ez dutenek ere hautaketa prozesuetan parte hartu ahal izango dutela bermatzen du». Erreforma, beraz, «albiste ona» da, Bengoetxearen ustez.