Etxebizitza eskubidearen aldeko grebarako aurreikuspen onak dituzte ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista eragileek. Gaur argitaratutako ohar bateratu batean, adierazi dute parte hartze handia izan dela azken asteetan fabriketan eta ikastetxeetan egindako batzarretan. Guztira, Hego Euskal Herrian 240 eragile eta mugimendu sozial baino gehiago atxiki zaizkio biharko lanuzte orokorrari.
Sindikatuen arabera, herri mugimenduetatik jasotako babesak erakusten du biharko deialdia «arrakastatsua» izango dela. Sindikatu deitzaileek mobilizazio bateratuak antolatu dituzte bihar goizerako Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Eibarren eta Tuteran. Arratsaldean, ostera, 70 herritan baino gehiagotan egingo dituzte manifestazioak.
Biharko greba orokorrean, deitzaileek «Euskal Herriko esparrua babestu» nahi dutela adierazi dute, hau da, Euskal Herrian adostutako aldarrikapenak zabaldu nahi dituztela, baita bertako erakundeei dei egin ere.
Etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren aurka, hiru eraldatze bultzatu nahi dituzte sindikatuek: «Batetik, espekulatzaileak desjabetzea; bestetik, jardun espekulatiboa debekatzea; eta, azkenik, etxebizitzak eta bitartekoak modu justuan antolatzea, langileen beharren arabera antolatuta». Hiru aldarrikapen horietaz gain, beste neurri batzuk ere defendatu dituzte, hala nola etxegabetzeak geldiaraztea eta etxebizitzen prezioak merkatzea.
Instituzioen erantzukizuna
Sindikatuek agintariak egin dituzte etxebizitza krisiaren erantzule. Salatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak etxebizitzaren negozioa «indartzen» duten politikak jarri dituztela abian, nahiz eta bi erakunde horiek «eskumen zabalak» eduki etxebizitzaren alorrean. Eta «alderdi guztietako udalak» ere seinalatu dituzte egindako etxegabetzeengatik.
Gainera, ohartarazi dute sindikatuek ez duela onartuko alderdiek biharko greba «beren interesetarako» erabiltzea, «konponbide errealik» aurkeztu gabe.