Hasi da G7koen goi bileraren aurkako kontragailurraren bigarren jardunaldia. Askotariko mintzaldi, tailer eta egitasmoen artean, Hendaiako (Lapurdi) McDonalds inguruan bildu dira LAB, CGT eta Solidaires sindikatuak. Herri piknika banatzeko bildu dira han, "prekaritatearen" aurka "elikadura burujabetza" aldarrikatzeko asmoz: "Bertako haragiarekin egindako hanburgesak jango ditugu orain, sagardoarekin lagunduta". Halaber, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak nabarmendu du McDonalds "sistema kapitalistaren adierazle garbi bat" dela.
"McDonald's-ek ez du inongo erreparorik lan eskubideak suntsitzeko", adierazi du Garbiñe Aranburuk, Hendaiako McDonald's-en aurrean #G7Biarritz#G7EZ#ContreG7pic.twitter.com/h6t7lCh0D8
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) August 22, 2019
Atzo hasi zen kontragailurra, etah geroztik, kapitalismoaren aurkako militanteen topaleku bilakatu dira gune asko; horien artean, Topaketa Intergalaktikoa deituriko gunea. Gaurkoan, manifestazio inprobisatu bat egin dute, Notre-Dames-Des-Landeseko BBGtik ekarri duten Ambazada etxolaren erreplika gune horretara eramateko. Kanpalekuan ezarri zuten lehenengo, orain, ordea, Topaketa Intergalaktikoetara eraman dute.
"Karrika gurea da" oihu artean joan dira manifestariak, errepidetik barrena. Kantu doinuz ere jantzi dute giroa, eta jendetza elkartu da Ambazadaren inguruan. "Erakutsi diezaiegun karrikan libreki ibiltzeko eskubidea dugula", adierazi dute ozen manifestariek. Ibilbidearen erdia eginik, jendarmeen motoak hurbildu dira militanteen ingurura, eta une horretan indartu egin dira oihu eta aldarriak. Azkenean, bidea irekitzen lagundu diete jendarmeek.
Hendaiako hondartza bazterrera iristean, "hondartza abandonatuan, barrikadak eta LBD [40 milimetroko gomazko pilota edo flashball-a jaurtitzen duen fusila]" dioen pankarta atera dute manifestariek, aldarrien artean oihuka: “Hendaia altxa zaitez”. Bidean aurrera, eskuekin hartu behar izan dute egitura une batez, etxola ibilgailuen artetik pasatzen ez zela eta, aurrera jarraitu ahal izateko. Azkenean, kantuz iritsi dira portura, eta txalo zaparrada artean amaitu dute manifestaldia.
#G7EZ kantuz Iritsi dira Canetan portura eta txalo zaparrada batekin bukatu dute manifestazio inprobisatua. Zorion mezuak elkarri @berriapic.twitter.com/2kGrVmlukG
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) August 22, 2019