Gaur egun, inoiz baino foruzain gehiago ditu Nafarroako Gobernuak. Halere, sindikatuek ohartarazi dute polizia gehiago beharko direla «Foruzaingoak iraun dezan». Nafarroari trafiko eskumena itzultzeko prozesua burutzen denean eta jada planifikatutako erretiroak gauzatzen direnean, foruzain gehiago beharko dira, sindikatuek diotenez.
Agerraldi bateratua egin dute Foruzaingoko Lan Batzordean ordezkaritza duten sindikatu guztiek. Aho batez exijitu diote Nafarroako Gobernuari Segurtasun Batzordea «lehenbailehen» bil dezala arazo horri aurre egiteko. Egoera txarra dela diote: «Unitate askori foruzainak falta zaizkie, lan zama handia da, Foruzaingoa zaharkituta dago eta desoreka dago, gero eta zerbitzu gehiago hartzen dituelako bere gain», esan du Javier Tarazona batzordeko buruzagiak.
Espainiako eta Nafarroako gobernuek kalkulatu dute trafikoan 149 polizia gehiago beharko direla. Oraindik ez dago argi zenbat guardia zibil bihurtuko diren foruzain, baina «30-40 inguru» izango direla uste dute. Horrek esan nahiko luke lan eskaintza publiko bidez hautatu beharko liratekeela gainerako 110 foruzainak. Gogora ekarri dute, baina, lan eskaintza argitaratzen denetik hautagaiak Foruzaingoan sartzen direnerako urte eta erdi pasatu ohi dela eta ondoren prestakuntza jaso behar dutela.
Denbora falta izateaz gain, datozen hiru urteetan 125 foruzain erretiratzea espero da. Duela hamabost urte inguru, gainera, Madrilek ezarri zuen gehienez 1.200 foruzain egon zitezkeela, eta, horregatik, Segurtasun Batzordean muga hori igotzeko exijitu diote Nafarroako Gobernuari. «Aurten hiru aldiz geratu da bertan behera Segurtasun Batzordearen bilera», gaitzetsi dute. Egoera ikusita, «gardentasun eta informazio falta» dutela salatu dute.
Nafarroako Gobernuak iaz asmoa agertu zuen 2024-2027 plangintzan 252 foruzain gehiago lortzeko, eta hiru urteren buruan 1.400 polizia izateko helburua jarri zuen.